Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluak Berdintasunerako Legearen aldaketa onartu du

2020.eko urtarrilak 23

Iñigo Urkullu lehendakaria Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluko buru izan da gaur arratsaldean, Izaskun Landaida Institutuko zuzendariarekin batera, Emakunderen egoitzan egin den bileran. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bigarren aldaketaren lege-aurreproiektua aurkeztu eta onartu da bertan. Emakunderen Zuzendaritza Kontseilutik igaro ondoren, aurreproiektua datorren asteartean onartuko du Gobernu Kontseiluak eta ondoren Legebiltzarrera helduko da.

Emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztea Jaurlaritzak duen lehentasunezko helburu bat dela azpimarratu du lehendakariak, eta legearen aldaketa hau beste urrats bat dela bide honetan, “urrats garrantzitsua berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako politikan herri itun handi bat ahalbidetzen duelako”. Erronken artean azpimarratu ditu berdintasun politiken indartzea eta testuinguru arauemaile eta sozial berriaren behar berrietara egokitu beharra (Istanbulgo Hitzarmena, 2030 Agenda, Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna …).

Lege berriak bermatzen du emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren arazo sistemiko eta unibertsalaren barruan kokatzen duen ikuspegia, Istanbulgo Hitzarmenak  eskatzen duen bezala, eta berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta teknikoak indartzea ere aurreikusten du.

Legea aldatzeko prozesua parte-hartzailea izan da. Kontsulta egin zaie Eusko Jaurlaritzako sail guztiei, hiru foru-aldundiei eta EUDELi, eta kontsulta publikora eraman da. Testuak 400 ekarpen baino gehiago jaso ditu, bai gizarte zibilaren aldetik, bai erakundeen aldetik: 300 ekarpen inguru gizarte zibilaren aldetik, eta ehundik gora administrazio ezberdinen eskutik.

Prozesuan, honako hauek parte hartu dute: generoan eta berdintasunean adituak diren pertsonak, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan eta arretan eskumena duten erakunde publikoak, talde feministak, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan, detekzioan eta arretan esku hartzen duten profesionalak, indarkeriaren biktimekin lan egiten duten gizarte-eragileak, erakundeak eta elkarteak. Herritarren ekarpenak jasotzeko ere bide zuzenak ireki dira. Hiru lurraldeetan egin dira herritarrei irekitako saioak. Dozena erdi aurkezpen baino gehiago egin zaizkie inplikatutako batzorde, talde eta kolektiboei, eta laguntza teknikoa eman zaie Emakunderen Aholku Batzordeko emakume-elkarteei eta indarkeriaren biktima eta biziraun duten emakumeen elkarteei ekarpenak egin ditzaten.