Elkargik 900 M/"-ko finantzaketa-eragiketak formalizatu ditu 2020an (Gobernu Bilera 2020-12-22)

fotoconsejo.jpg

2020.eko abenduak 22

 

  •  Gobernuak birfidantzamendurako oinarrizko hitzarmenak eta hitzarmen osagarriak berritu ditu ELKARGI SGR sozietatearekin 

2020an formalizatutako finantza-eragiketetarako ELKARGI SGR sozietatearekin birfidantzamendurako oinarrizko hitzarmenak eta hitzarmen osagarriak berritzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. 

Aurtengo behin-behineko emaitzen arabera, bi hitzarmenen arabera, Elkargi SGRk 200 milioi € inguruko finantzaketa-eragiketa arruntak formalizatuko ditu ekitaldia ixtean. 

Zenbateko horri gehitu behar zaizkio ELKARGI, SGR sozietateak martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren esparruan formalizatutako finantza-eragiketak. Dekretu horren bidez, enpresei laguntzeko programa bat gauzatzen da COVID-19aren eragin ekonomikoa arintzeko. Hala, 740 milioi euroko formalizazioa aurreikusi da. 

Ekitaldiaren amaieran, oro har, euskal enpresei emandako finantzaketa-bolumena 900 milioi € ingurukoa izango da, eta finantzaketa emandako enpresak 9.000 enpresa baino gehiago izango dira. 

Bi kasuetan, hitzarmenen helburua da euskal enpresa txiki eta ertainen epe luzeko finantzaketa-eragiketen kostua eskuratzen eta murrizten laguntzea, eta, horretarako, ELKARGI SGRk abalak ematea sustatuko da. Elkargi SGRk finantza-erakundeen esku abalen bolumen handiagoa jartzeak izugarri errazten du enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei finantzaketa ematea. 

Horietako lehenengoaren bidez, hau da, oinarrizko hitzarmena deitutakoaren bidez, beste birfidantzamendu-sistema publiko batzuek ELKARGIri emandako birfidantzamendua osatzen da, gehienez 1.000.000 € inguruko nominala duten finantzaketa-eragiketetarako. 

Osagarria izeneko bigarrenaren bidez, 1.000.000 €-tik gorako finantzaketa-premiak dituzten ETEak birfidantzatuko dira, 1.500.000 € inguruko mugarekin. 

Bi hitzarmenen arabera, aurreikusteko modukoa da euskal ETE-ek eta autonomoek 2021ean zehar 200.000.000 € inguruko finantzaketa-eragiketak formalizatuko dituztela eta 850 bat enpresa onuradun izango direla. 

Eusko Jaurlaritzak euskal enpresen finantzaketa errazteko gauzatu duen politika aktiboaren esparruan, hitzarmenak sinatu dira hainbat finantza-erakunderekin duela hamarkada bat baino gehiagotik, eta horien artean daude elkarren bermerako sozietateak. 

Azken hirurtekoan finantzaketa-iturriak eskuratzean izandako hobekuntzaren jakitun izan arren, beharrezkotzat jotzen da euskal enpresak finantzatzen laguntzeko programei jarraipena ematea. 

Horregatik, Elkargi SGR sozietateak enpresa txiki eta ertainen berme-eskariari behar bezala erantzun diezaion, baita, salbuespen gisa, tamaina handiagoko beste enpresa batzuenari ere, ekitaldi honetan birfidantzamendurako oinarrizko hitzarmen bat eta beste hitzarmen osagarri bat formalizatu nahi dira, Oinarrizko Hitzarmenean ezarritakoak baino zenbateko handiagoetarako, enpresen finantzaketarako sarbidea errazteko eta finantzaketa-kostua murrizteko.