Egoitzetan irteerak murriztu egingo eta eguneko zentroak eta udalekuak itxi egingo dira aldi baterako
2020.eko uztailak 18
Osakidetzak 25.000 PCR proba baino gehiago egin ditu azken astean
Datuen bilakaera ikusita, Osasun Sailak eta Osakidetzak beharrezkotzat jotzen dute, prebentziozko eta behin-behineko neurri gisa, zenbait murrizketa hartzea Euskadiko zentro soziosanitarioetan. Horrela, 3 Foru Aldundiek, osasun-agintarien gomendioei jarraituz, prebentzio-neurri batzuk jarriko dituzte abian: egoiliarren irteerak murriztuko dira, baina bisitak jaso ahal izango dituzte, nahiz eta mugatuta egongo diren. Halaber, eguneko zentroak itxi egingo dira. Gainera, Eudelekin batera, udalekuak aldi baterako ixtea erabaki da.
Neurri horiek prebentziozkoak dira, eta datozen egunetan berrikusiko dira, Osasuneko sailburuak adierazi duen bezala.
Osakidetzak, larunbatetik–ostirala– arte, 25.000 PCR proba baino gehiago egin ditu, atzo 4.997. Atzo, 115 kasu positibo detektatu ziren: 9 Araban, 43 Bizkaian eta 63 Gipuzkoan.
Proba-kopurua areagotu denetik, Euskadi biztanleko PCR gehien egiten dituen erkidegoa da: 139,10 proba 1.000 biztanleko. Kopuru hori handitu egin da, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren zaintza- eta kontrol-sarea kontaktuen jarraipen zehatza egiten ari delako; izan ere, azken egunotan, biztanleen baheketak indartu ditu, Gipuzkoako udalerri batzuetan egon den transmisioa gelditzeko.
Nekane Murga Osasun Sailburuak gaur gogorarazi du maskara jendearekin elkartu gaitezkeen edozein espaziotan erabiltzeko betebeharra dagoela, bai bide publikoan, bai leku itxietan. Derrigorra da, era berean, egoki erabiltzea; alegia, sudur-trenkadatik kokotseraino estali behar du.
Gainera, azkenik, Osakidetza abian jartzen ari den prebentzioko esku-hartzeak kontsultatzeko kanal ofizialak erabiltzeko dei egin du, zurrumurruak zabaldu ez daitezen.