Bueltan da MuittuLezo

Argitalpen-data: 

Mugiment Idazkaritza Teknikoa.

Irudia - Bueltan da MuittuLezo

COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondoren, bueltan da berriro MuittuLezo estrategia, hori bai, momentuko egoera berrira egokituta.

Izan ere, lezoarren osasuna eta ongizatea bermatzen jarraitzea da Udalaren lehentasun nagusia eta MuittuLezo estrategiaren onuradun nagusiak adineko pertsonak direla kontuan hartuta, segurtasun neurri guztiak ondo aztertu, jorratu eta bermatuta egin du itzulera aipatu ekimenak.

Berriro zabaldu dira kirol parkeak, astean behin eta ordutegi konkretu baten pean eta abian jarriko da, halaber, Martxan +60 ekimena, hirugarren adineko herritarrek ariketa ezberdinak egiteko saioak.

Horrekin batera martxan jarriko da baita ere ibilaldiak edota paseotxoak egiteko Lezoratu 1:1 zerbitzu berria, bereziki adineko pertsonei zuzendua, tipi-topako taldekako formatuaren ordez, banakako formatuan, laguntzaile batek lagunduta.

Gauzak horrela, berriro zabaldu dira Andreone, Lopene eta Euskal Herria plazako kirol parkeak. Irekiera, baina, astean behin da, ostegunetan, uztailaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, ondorengo ordutegian:

  • 10:30-11:30 Andreone
  • 12:00-13:00 Lopene eta Euskal Herria

Erabilera hori Kirol Orientazio Zerbitzuko (KOZ) arduradunaren gainbegiradapean egingo da. Parke horien erabiltzaile nagusiak adineko pertsonak diren arren, herritar orok erabili ahal izango ditu bertako makinak.

Era berean, abian jarri da Martxan +60 ekimena, adineko pertsonek ariketa desberdinak egiteko saioak. Horien bitartez, indarra, oreka edota koordinazioa bezalakoak landu ahal izango dituzte. Ekimen hau uztaileko astearteetan egingo da (uztailaren 7an, 14an, 21ean eta 28an), 10:30-11:30 bitartean kiroldegian. Ekimena, noski, doakoa da eta izen ematea momentuan bertan egiten da.

Higiene eta segurtasun neurriak

Normaltasun berrian bagaude ere, ezinbestekoa izaten jarraitzen du segurtasun eta higiene neurriak errespetatu eta betetzen jarraitzea eta ildo horretan, aipatu bi ekimenetan parte hartzeko ezinbestekoa da musukoa erabiltzea, saio hasieran zein amaieran eskuak garbitzea, toalla txiki bat edota ur botila etxetik ekartzea, eta noski, Kirol Orientatzaileak esandako jarraibideak betetzea.  

Lezoratu 1:1 zerbitzua, zure eskura

Egungo egoera dela eta, baina, laguntza falta, beldurrak eta kezkak bultzatuta, ez da etxetik irteteko aukerarik izan. Hori dela eta, Lezoko Udalak Lezoratu 1:1 ekimena sortu du, kalera paseotxoak edota ibilaldiak egitera atera nahi edo behar dutenen eta horretarako laguntza ez dutenei laguntza eskaintzeko. Zerbitzu hori Osasun Zentro, Gizarte Zerbitzu eta Kirol Sailaren artean engranaturiko proiektua da, KOZ zerbitzuaren bitartez. Banakako formatuan egingo da, laguntzaile batekin.

Aipatu zerbitzua uztailean zehar eskainiko da eta pertsona interesdunek KOZarekin jar daitezke harremanetan 663 228 031 telefonoan, egun eta ordua finkatzeko. Kalera irtete hori, segurtasun eta higiene neurri guztiak kontuan hartuta egingo da. Animatu eta Lezora(tu)!