Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen planean 2019. urterako aurreikusitako ekimenak neurri handian bete direla egiaztatu du Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2020-01-21)

fotoconsejo.jpg

2020.eko urtarrilak 21

  • Gobernu Kontseiluak Planaren kudeaketaren eta gauzatzearen 2019ko balantzea eta urte honetarako erronka nagusiak ezagutu ditu gaur

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020ko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren jarraipenari buruzko urteko txostena jaso du gaur. Txosten horretan, Planak kontuan hartzen dituen ekimenen kudeaketaren eta gauzatzearen 2019ko balantzea eta 2020rako erronka nagusiak daude jasota.

Zehazki, Plana osatzen duten 15 ekimenetatik, 11tan % 100ean bete dira 2019rako aurreikusitako konpromisoak. Gainerako lau ekimenetan, berriz, betetze-maila % 80ra iritsi da, eta legegintzaldi honetan gauzatzea dago aurreikusita. Hori guztia dela eta, Planaren betetze-mailak Eusko Jaurlaritzaren balorazio positiboa jaso du.

BALANTZE OROKORRA

2017-2020ko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren kudeaketari esker, jarduera integraleko ardatz multzo bat zabaldu ahal izan da, honako hauek biltzen dituena: iragana argitzeko politika publikoak, biktimak, memoria, espetxe-politika, hezkuntza, aniztasuna, elkartasuna, zabalkundea, parte-hartzea, nazioarteko ekintza eta bizikidetzaren eta giza eskubideen kultura.

Osatzeko geratzen den agendari dagokionez, esparru horretan egindako balantze espezifikoago bati esker honako lorpen nagusi hauek azpimarra daitezke:

  • ETAren armagabetzea eta desegitea gertatu da, eta aldebakarrekoa, behin betikoa eta kontrapartidarik gabekoa izan da.
  • Euskal gizartean, indarkeriaren deslegitimazioari eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako bizikidetzaren normalizazioari lotutako Gizarte Topaketa finkatu da.
  • Biktimen arloan, legeek laguntzaren, errekonozimenduaren eta erreparazioaren esparruan ezartzen dituzten aurreikuspenak betetzen ari dira.
  • Gogora Institutua Euskadiko iraganaren memoria kritikoari lotutako politika publikoen kudeaketa adosturako gune gisa finkatu da.
  • Aldaketarik gabeko hainbat urteren ondoren, espetxe-politika aldatzen hasi zen aurreko legegintzaldian, Frantzian zein Espainian.

Osatzen ari den agendari dagokionez, egindakoaren balantzeak honako erreferentzia nagusi hauek eskaintzen ditu:

  • Migrazioaren arloan, Idazkaritzak aktiboki hartu du parte Migraziorako Euskal Itun Soziala, Share proposamena eta iragaitzazko migratzaileei arreta humanitarioa emateko Kontingentzia Plana diseinatzen eta bultzatzen.
  • Errefuxiatuen harreraren eta integrazioaren arloan, Erakunde arteko Mahai Sozialean adostutako lan-programa garatu du Idazkaritzak. Halaber, lehen harrerarako aterpeak ireki ditu (Larraña Etxea Oñatin eta Zuloaga Txiki Tolosan). Bestalde, Babes Komunitarioko esperientzia pilotua jarri du abian ACNUR erakundearekin, Espainiako Gobernuarekin, Cáritasekin eta Jesuitekin. Dei humanitarioei erantzun die, eta Aita Mari proiektua abian jartzen lagundu du.
  • Idazkaritzak "Eusko Jaurlaritzak euskal komunitate islamikoarekin batera bizikidetza sustatzeko abiarazitako Jarduketa Programa" dinamizatu eta garatu du, eta ADOS Aholku Batzordearen lan-plana garatzen jarraitu du.
  • Gobernu Kontseiluak EAEko kultu-leku eta kultu-zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko Legea onartu du.
  • Idazkaritzak, halaber, erradikalizazio biolentoaren prebentziorako Uztartu gizarte- eta hezkuntza-programa bultzatu du, baita Etikasi programaren esperientzia pilotua ere. Ildo horretan, kontzentrazio-esparruak edo indarkeria-gertaera larriak bizi izan dituzten Europako leku enblematikoetarako hezkuntza-bisitak egin dira.
  1. URTERAKO ARDATZ NAGUSIAK
  2. urteari begira, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren jarduketa-programak zehatz-mehatz definitzen ditu egin beharreko jarduketak.
  • ETAren desegitea gauzatu ondoren, jarduera-ardatz estrategiko bat da terrorismoak eta indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketek sorrarazi duten kaltearen bidegabekeriari buruzko gogoeta kritikoko prozesu partekatu bat sustatzen jarraitzea.
  • Terrorismoaren biktimekiko elkarrizketa, lankidetza eta akordiorako esparruetan sakontzen jarraitzea.
  • Gogora jarduketa-programaren eta haren Zuzendaritza Kontseiluaren bitartez, memoriari lotutako politika publikoetan ahalik eta adostasunik handiena sustatzen jarraitzea.
  • Espainiako Gobernuarekin, Frantziako Gobernuarekin eta legebiltzar-taldeekin espetxe-politikaren orientazio berri bat bultzatzeko (hurbilketaren eta erantzun humanitarioen arloan) eta gizarteratze-politikak bultzatzeko akordioak sustatzea.
  • Bizikidetzaren inguruan sortzen ari diren erronkei erantzutera bideratutako ekimenak bultzatzen jarraitzea: besteak beste, errefuxiatuek jasaten duten krisi humanitarioari erantzutea, Garapenerako Lankidetzaren 2018-2021 aldiko Gida Plana garatzea, EAEko Erlijioen arteko Kontseilua sortzea eta Eusko Jaurlaritzak euskal komunitate islamikoarekin batera bizikidetza sustatzeko abiarazitako Jarduketa Programaren aurreikuspenak abian jartzea.

AZKEN HIRU GOGOETA

Iraganaren eragina orainaldian

ETA iragana da. Ez dago herritarren egungo lehentasunezko kezken artean. 35 urtetik beherako pertsona gehienentzat, gurasoen eta aitona-amonen garaiko arazo bat da. Hala ere, terrorismoaren eta indarkeriaren sei hamarkadek utzi zuten arrastoak eragin-maila handia du oraindik. Bi akordio hartu behar dira oraindik, eta hiru lan-ildo finkatzen jarraitu beharra dago.

  • Hartu beharreko akordioak honako hauek dira: alde batetik, terrorismoaren eta indarkeriaren iraganari buruzko gogoeta kritikoa eta partekatua, eta, bestetik, espetxe-politikaren eta gizarteratzearen inguruko akordioa.
  • Sakontzen jarraitu beharreko politikak honako hauek dira: biktimak eta bizikidetza, hezkuntza eta bizikidetza, eta memoria eta bizikidetza.

Orainaldiaren eragina orainaldian

Euskal gizartearen kezken agenda eta haien lehentasun-ordena era esanguratsuan eraldatu dira. Tirabira berriak beldurrak eta ziurgabetasunak eragindakoak dira, hala nola etorkizuna aurreikusteko ezintasuna, bizitza- eta familia-proiektua, enplegua edo egonkortasun soziala eta politikoa, eskuin muturraren eta beste estremismo batzuen agerpena, gerraren eta nazioarteko terrorismoaren mehatxua, indibidualismoaren eta elkartasunaren edota askatasunaren eta segurtasunaren arteko kontraesanak, berdintasunaren arloko aurrerapenak eta atzerapausoak, kezka ekologikoa, migrazioaren arazoa eta kultura eta erlijio desberdinetako pertsonekiko bizikidetza.

Etorkizunaren eragina orainaldian

Etorkizunak orainaldian duen eraginaren definizioa ahalegina baino ez da. Hipotesia da. Eragin hori identifikatzeko, oso garrantzitsua da eraiki nahi dugun etorkizuna aukeratzea. Gauzak orain dirudien bezalakoak izango dira, baina baita guk nahi bezalakoak ere, horretan saiatzen bagara. Etorkizun hobe bat eraikitzeko borondate politikoak eragin aktiboa du. Ikuspuntu horretatik, etorkizun hurbilean, bizikidetzaren eta giza eskubideen euskal agenda gero eta neurri handiagoan izango da mundu osoko bizikidetzaren eta giza eskubideen agenda globala. Eta hori horrela da, lehenik eta behin, objektiboki biak bat datozelako. Eta, bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak bere giza eskubideen agenda giza eskubideen eta bizikidetzaren agenda globala izateko borondate politikoa duelako.