Bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko proiektuetarako laguntzen deialdia egin da, eta 1,1 milioi euro izango ditu (Gobernu Bilera 2020-03-10)

fotoconsejo.jpg

2020.eko martxoak 10

Gobernu Kontseiluak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko proiektuetarako bi laguntza-deialdi onartu ditu, eta aurten guztira 1.150.000 euro bideratuko dira laguntza horietara.

Laguntza horien helburua gure gizartean bizikidetzaren, giza eskubideekiko errespetuaren, enpatiaren eta elkartasunaren kultura sustatzea eta biktimak gizartera hurbiltzea da, horretarako sortutako espazio partekatuen bidez.

Zehazki, azken bi Gobernu Bileretan Euskadiko udalerriek eta gainerako toki-erakundeek egingo dituzten proiektuak finantzatzeko laguntzen deialdia (250.000 euro) eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek martxan jartzen dituztenak finantzatzeko laguntzena egin dira (900.000); azken horien barruan daude bizikidetza eta giza eskubideak helburu dituzten pertsona juridikoak eta terrorismoaren biktimen elkarteak.

Bi kasuetan, laguntzak honako arlo hauetan programak eta jarduerak gauzatzeko dira:

a) Bizikidetza eta giza eskubideak:

  • Giza duintasunarekiko, giza eskubideekiko eta bizikidetza kontziliatuarekiko konpromisoa sustatzea helburu duten parte-hartzeko, zabalkunderako edo gizarte-hezkuntzako jarduketak.
  • Gizartean edonolako indarkeriari, terrorismoari edo giza eskubideen urraketari lotutako kontzientzia kritikoa eta deslegitimatzailea sustatzeko ekimenak.
  • Iraganean gertatutako edonolako indarkeria-motaren inguruan, hausnarketa kritikoko eta gizarteratzeko prozesuetan lagundu ahal izateko programak, Europako justizia leheneratzailearen joerarekin bat.
  • Gizarte-partaidetzako esperientziak eta bizikidetza normalizatuaren erronken gaineko elkarrizketa desberdinen artean, aniztasuna eta gizarte-topaketa sustatzeko.

b) Biktimak eta gizartea:

  • Terrorismoaren biktimei laguntza emateko ekintzak.
  • Politikagatiko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketen biktima direnei laguntza emateko jarduketak.
  • Biktimen eta gizartearen arteko lotura sustatzen duten programak, bai eta biktimek bizikidetza eraikitzeari, horrek aurrera egiten parte hartzen duten aldetik, egiten dioten ekarpena sustatzen dutenak ere.

c) Aniztasuna eta elkartasuna:

  • Aniztasunaren kudeaketa positiboaren balioak eta arrazismoaren, xenofobiaren edo gorroto-delituen prebentzioa sustatzen dituzten proiektuak.
  • Elkartasunaren eta gizarte-inplikazioaren balioak sustatzen dituzten esperientziak, desberdintasun, diskriminazio, bidegabekeria, bazterketa edo marjinazio era kritikoenen aurrean.
  • Elkartasuneko, inplikazioko eta gizarte-mugikortasuneko ekintzak, indarkeriaren, gerraren eta nazioarteko terrorismoaren adierazpen berrien aurrean.