Bingen Zupiriak Durangoko Azokaren "Zu non, han DA!" ekimenaren aurkezpenean parte hartu du

Argitalpen-data: 

  • Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan, abenduaren 5etik 8ra. 32 musika-taldek parte hartuko dute.
  • Abenduaren 9tik urtarrilaren 7ra arte Azokako online dendan salgai egon diren produktuak liburudendatan eskuragarri egongo dira.

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren Bozeramaile Bingen Zupiriak eta Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikak Durangoko Azokaren "Zu non, han DA!" ekimena aurkeztu dute gaur Donostiako Dabadaba aretoan egindako aurkezpen baten. 

Osasun-alarmak ezarritako aforo eta mugikortasun murrizketak kontuan hartuta, Durangoko Azokak erabaki du “Zu non, han DA!” proiektu berri hau antolatzea, online denda eta Durangon bertan egongo diren jarduerez gain. Ekimen honen helburua Azoka kulturzaleengana gerturatzea izango da, aurten kulturzale guztiek ezin izango dutelako Durangora urteroko bisita egin.

Egitasmo berri honek ardatz nagusi bi izango ditu: Plaza eta Denda. Lehenengoa, musika eta zuzenekoekin lotuta egongo da. Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem). Ipar Euskal Herrian ez da aukerarik egon zuzenekorik antolatzeko, osasun-egoerak ezarritako arauen eraginez. 

Kontzertuak abenduaren 5etik 8ra antolatuko dira, eta herri bakoitzean bi eguneko egitaraua egongo da. Guztira 32 taldek parte hartuko dute: batzuk ibilbide luzeko bandak izango dira, eta beste batzuk, ostera, lehenengo diskoa atera dutenak. Estilo aldetik ere, aniztasun handia egongo da banden artean: Gatibu, Zea Mays, Nøgen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Raitx, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak, Joseba Irazoki...

Informazio gehiago hemen