Bilboko Peñaskal auzoan etxebizitza sozialak eraikitzeko eta hiri-berroneratzea egiteko protokoloa onartu da (Gobernu Bilera 2020-07-14)

fotoconsejo.jpg

2020.eko uztailak 14

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu du, etxebizitza publikoak sustatuz Peñaskal auzoa berroneratzeko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Bilboko Udalak adostutako jarduketen protokoloa. Protokoloan jasota daude Bilboko eremu horretan hiri-berrikuntzako operazio erraldoiaren fase honetan bi administrazioek eman behar dituzten urratsak. Hau da, bizigarritasuneko eta irisgarritasuneko gutxieneko baldintzak ez dituzten etxebizitzak eraitsi eta bizitegi-bloke berriak eraikiko dituzte, gaur egun etxe haietan bizi diren familiei beste bizileku bat emateko.

2013an Eusko Jaurlaritzak eta Udalak Bilboko Mendebaldeko auzo narriatu batzuetako etxebizitza-parkea berritzeko izenpetutako hitzarmenean kokatzen da fase berri hori. Hitzarmen hori garatuz jada jarduketa garrantzitsu batzuk egin dituzte Gardeazabal eta Iturrigorri auzoetan. Bertan, hutsik dauden etxeak eraistea, hutsik geratutako lurrak urbanizatzea eta 85 etxebizitza sozialeko bloke bat eraikitzea baino ez da falta, euren etxeak utzi zituzten familia batzuei eta Peñaskaleko operazioko lehen familiei beste bizileku bat emateko.

Peñaskal auzoa beste bien esparru berean dago eta arazo berberak ditu. Protokoloan proposatzen duten hirigintza-jarduketak auzoan hiri-antolakuntza berri bat egitea eskatzen du. Bertan sartuta egongo dira antolamenduz kanpo dauden edo bizigarritasun-, irisgarritasun- eta osasungarritasun-baldintza eskasak dituzten etxeak desjabetzeko prozesua gauzatzea, etxe horiek eraistea eta bertan bizi direnei beste bizileku bat ematea; horretarako, etxebizitza publikoko eraikin berriak egingo dituzte.

Operazio konplexua eta oso garrantzitsua da. Izan ere, datozen urteetan, Peñaskalen 76 eraikin inguru eraitsiko dituzte, 229 familiari beste bizileku bat emango diete, eta auzoaren beheko gunean hainbat bloketan banatutako 140 etxebizitza sozial berri inguru eraikiko dituzte.