Bikoiztu egingo dira ibilgailu efizienteentzako laguntzak

2020.eko ekainak 01

Atzeraeraginez aplikatuko da 2020ko urtarrilaren 30etik eta Renoveren lehenengo deialdian egindako eragiketak hartuko ditu eraginpean

  • Gasolinazko eta gasoliozko A energia-sailkapeneko autoek eta CO2-ko emisio txikiko furgonetek 2.000€ jasoko dituzte aurrerantzean (lehen 1.000€ ziren).
  • Ibilgailuen Renove planaren aurrekontu totala bikoiztu egingo da eta 5 M€-tik 10 M€-ra igaroko da.
  • Ibilgailu berriez gain, baldintza beretan emango zaio laguntza eskakizunak betetzen dituzten 0 km-ko ibilgailuen erosketari.
  • Efizientzia txikiko ordeztutako ibilgailua nahitaez bihurtu beharko da txatar, dena den.

Ibilgailuak berritzera bideratutako Energiaren Euskal Erakundearen laguntza-programak bere hasierako hornidura bikoiztu egingo du 10 M€-ko azken aurrekontura iristeko. Covid19-aren efektuen ondorioak arintzeko suspertze ekonomikoko planen barruan, Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategian bildutako garraioaren sektorearen energia-hobekuntzan eta aurrezpenean sakontzea da helburua, Euskadiko ekonomian funtsezkoak diren sektoreen beharrezko suspertzea bultzatzearekin batera, garraioaren eta automozioaren sektoreak sektore horien artean garrantzi handia dutelarik.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia hiru Lurralde Historikoetako automobilen kontzesionarioetako elkarteen ordezkariekin izandako bileraren buru izan da gaur goizean, Ibilgailuen Renove Planaren laguntzen zabaltzearen xehetasunak eta horrek dakartzan abantailak bateratzeko, abantaila horietako asko sektoreak berak iradoki dituelarik.

Bileran, Industriako sailburuorde Javier Zarraonandiarekin eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin batera izan da sailburua. Era berean, eta sektorearen aldetik, Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko ordezkari Javier Bagues, SEA Arabako Enpresak elkarteko Luis Antonio Cebrián eta Bizkaiko Kontzesionarioen Elkarteko Jon Lekue izan dira bertan.

Renoveren zabaltze hori atzeraeraginez aplikatuko da oinarrietan ezarritako baldintza beretan 2020ko urtarrilaren 30etik aurrera egindako eta fakturatutako jardun guztietarako, efizientzia handiko eta A energia-sailkapeneko erregai-ibilgailuek (gasolina edo gasolioa) jasoko duten zenbatekoa handituko bada ere, hasieran aurreikusitako 1.000€-ko zenbatekoaren ordez guztira 2.000€-ko laguntza jasoko baitute. Gehitu egingo dira, halaber, gas bidezko ibilgailuei (GNK eta PGL) eta hibrido ez-entxufagarriei emango zaizkien laguntzak. Era berean, laguntzen zenbateko handienari eutsiko zaio ibilgailu elektrikoentzat, hibrido entxufagarrientzat eta hidrogenozkoentzat. Urtarrilaz geroztik jada emandako laguntzei ere egingo zaie doikuntza hori.

Berritasun gisa, 0 km-koak deitutako ibilgailuek ere dirulaguntza jaso ahalko dute ibilgailu berrien baldintza beretan honako eskakizun hauek betetzen badituzte:

  • Lehenengo matrikulazioko egoeran egotea.
  • Ibilgailuen kontzesionario baten jabetzakoak izatea.
  • Aurretik dirulaguntzarik ez jaso izana.
  • Kilometro-kontagailuan ikusgai dagoen kilometro kopurua 100dik beherakoa

Taula: Ibilgailu berri bakoitzeko edo baldintzak betetzen dituen 0 Km-ko ibilgailu bakoitzeko laguntzak:

Ibilgailu mota

Laguntzaren zenbatekoa

Ibilgailu arin elektriko purua

3.000 €

Ibilgailu arin hibrido entxufagarria edo autonomia zabalduko elektrikoa

2.500 €

Ibilgailu arin hibrido ez-entxufagarria

2.250 €

Gas natural bidezko ibilgailu arina

2.000 €

Hidrogenozko ibilgailu arina

3.000 €

PGL bidezko ibilgailu arina

2.000 €

A energia klaseko gasolinazko edo gasoliozko M1 kategoriako ibilgailu turismoa

2.000 €

GMB*>2.500 kg-ko eta BEG > 114 gr CO2/km-ko gasolinazko edo gasoliozko furgoneta, N1 ibilgailuak

2.000 €

GMB*=<2.500 kg-ko eta BEG > 184 gr CO2/km-ko gasolinazko edo gasoliozko furgoneta, N1 ibilgailuak

2.000 €

 *Gehieneko Masa Baimendua

Eskatzaileek laguntza jaso dezaten nahitaez ordeztu behar dira efizientzia txikiko ibilgailu zaharrak –txatar bihurtu beharko dira betiere– eta haien lekuan energia-kalifikazio handieneko (A) ibilgailuak hartu gasolinazko edo gasoliozko turismoen kasuan, baita BEG (Berotegi Efektuko Gasak) emisioen maila txikiko gasolinazko edo gasoliozko furgonetei dagokienez ere, edo energia alternatibo bidez elikatutakoei dagokienez halaber, elektrikoak, hibridoak, gasezkoak edo hidrogenozkoak direla ere.

Aurrekontua agortzean amaituko da programa hau, edo 2020ko urriaren 31n gehienez ere.