Bihar hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa

Argitalpen-data: 

Euskaraldia.jpg
  • Azaroaren 20tik abenduaren 4ra, 15 egunetan ahobizi eta belarriprest roletan arituko dira milaka herritar
  • Euskal Herri osoko 147.000 lagunek eman dute orain arte izena ariketa sozialean parte hartzeko
  • Izen-ematea zabalik egongo da azaroaren 24rarte
  • Antsoaingo antzokian egingo da gaur arratsaldean hasiera ekitaldia

Bihar, azaroaren 20an, hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa soziala Euskal Herri osoan aldi berean egingo da bigarren edizioan ere. Duela bi urteko ariketan egin zen bezala, aurten ere ahobizi eta belarriprest rolak betetzeko izena eman duten herritarrak izango dira ekimenaren protagonistak hurrengo asteetan. Bigarren Euskaraldi honetan gainera, milaka entitatek sortu dituzten ariguneak ere izango dira, euskaraz lasai aritzeko guneak.  

Euskaraldia baldintza berezitan egingo da aurten, gizarte osoa kolpatzen ari den COVID-19aren eragina Euskaraldian ere nabarituko baita. Gizarte harremanak mugatuta dauden honetan bai Euskaraldiaren prestaketa eta hedapenean zein ariketan bertan kale presentziaren eta harreman sozialen apaltzeak ariketa baldintzatu du. Era berean, arigune guztiek beraien jarduera normaltasunez ezin garatu izanak eragina izango du. Hala ere, antolatzaileek aurrez ere azpimarratu duten modura, hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa egiteko aukerak badaude eta Euskaraldiak batez ere horietan zentratzea ekarriko du. Gainera ingurune digitalean ditugun harremanetako hizkuntza hautuetan ere eragiteko baliatuko da aurtengo ariketa soziala. 

Behin-behineko izen-emate datuak 

Irailaren 24an Euskaraldian izena emateko epea zabaldu zenetik milaka izan dira aurtengo ariketa sozialean parte hartzeko erabakia hartu duten herritarrak. Azken aste eta egunetan nabarmen hazi da ariketan parte hartuko duten ahobizi eta belarriprest kopurua eta izen-emate epea azaroaren 24rarte luzatzea erabaki dute antolatzaileek. Datorren asteartera arteko epea egongo da beraz (azaroaren 24a barne) euskaraldia.eus webgunean ariketan inskribatzeko aukera. 

Izen-emate epea itxi gabe dagoen arren, behin-behineko datuak zabaldu dira gaur. 

Guztira 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren hasieraren atarian, parte hartze zabala izango da beraz bihar martxan jarriko den ariketan. Partaide horietatik %79k eman du ahobizi modura jarduteko izena eta %21 arituko da belarriprest rolean. 

Lurraldez lurralde, izena eman duten herritarren %9 Arabakoa da, %33 Bizkaikoa, %44 Gipuzkoakoa, %12 Nafarroakoa eta %2 Ipar Euskal Herrikoa. Aurten, gainera, aipagarria da Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dutela izena Euskaraldian parte hartzeko. 

Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63 emakumezkoa izan dela azpimarratu da, eta, adinari dagokionez, 16 urtetik gorako adin guztietako belarriprest eta ahobiziek egingo dute azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaituko den ariketa. 

Azkenik, aipagarria da izena eman duten lagunen artean %27k ez zuela aurreko edizioan parte hartu. 

Azken datuen faltan, azpimarragarria da pandemiaren egoerak eragindako zailtasunak handiak izan arren, berriro ere ariketa masiboa izango dela bigarren Euskaraldia. 

Herriz-herri eta entitatez-entitate antolatuta 

Aurretik aipatutako datuekin batera, gogora ekarri behar da Euskal Herri osoko 421 udalerritan antolatu dela aurtengo Euskaraldia. Herriz herri sortu diren batzordeen lana azpimarragarria izan da, berauetan ari diren askotariko eragileak eta herritar boluntarioak izan baitira Euskaraldia antolatzeko oinarria. Boluntario sare handia dabil herriz herriko antolaketa lanetan. 

Horrekin batera, aurtengo edizioan era guztietako 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte, euskara erabiltzeko babestutako guneak. Entitate hauen ahalegina ere azpimarratu da, egoera zailean egon arren, Euskaraldian parte hartzeko apustua egin dutelako. 

Euskaraldiaren koordinazio taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa aritu dira, beste urte batez. Eta horiekin batera, hainbat elkarte, enpresa eta erakunderen partaidetza ere funtsezkoa izan da Euskaraldia antolatu ahal izateko. 

Hasiera ekitaldia gaur Antsoainen 

Gaur, azaroaren 19an, arratsaldeko zazpietatik (19.00etatik) aurrera Antsoaingo antzokian egingo den ekitaldi batek emango dio hasiera Euskaraldiaren aurtengo edizioari. Covid-19ak baldintzatutako ekitaldia izango da arratsaldekoa. Nafarroako herri batzordeetako kideek aforo mugatua izango duen aretoan bigarren Euskaraldiari hasiera emango diote Juan Kruz Lakasta eta Lohizune Amatriak gidatutako ekitaldian. 

Azken bi hilabeteetan herriz-herri eta entitatez-entitate jasotako babes zabala eskertuz ariketara batzeko deia egingo dute antolatzaileek Antsoainen egingo den ekitaldian. Orain arte jasotako atxikimendua bihartik aurrera ariketa praktiko bihurtuko da, hizkuntza-ohiturak aldatu eta inertziak astintzeko ariketa praktiko. Izan ere, ariketaren oinarria ahobizi eta belarriprest rola hautatu duten partaideek beraien eguneroko bizitzan harremanetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskararantz ekartzea da. Horregatik, partaide guztiei ariketari ilusioz eta sendo heltzeko deia egingo dute antolatzaileek ekitaldian.