BI-3234 errepideko errei bat moztu egingo da txandaka pasatzeko Laga eta Laida hondartzen arteko oinezkoen ibilbiderako obrak direla eta

Obra-Bi-3234-001.png

2020.eko irailak 25

  • Proiektuaren helburua da Urdaibain oinezkoen konektagarritasunerako azpiegitura berde bat prestatzea.
  • Lanak hiru fasetan egingo dira; lan bakoitza hainbat bide-tartetan egingo da BI-3234 errepidearen Laga eta Laidaren eremuan zehar. Beraz, errei bat itxiko da bide-tarte bakoitzeko, eta trafikoa txandaka kontrolatuko da, semaforo baten bidez.
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak sustatutako lan hauek Laga eta Laida hondartzen artean oinezkoen ibilbidea egokitzeko proiektuaren barruan definitu ziren, eta Lagan iaz hasitako bide-tarteari jarraipena ematen diote.

Laga eta Laida hondartzen arteko bide-tartean, BI-3234 errepideko errei bat moztuta geratuko da, eta txandaka pasatu ahal izango da, semaforo bidez kontrolatuta, irailaren 25etik –ostiraletik– aurrera. Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak sustatutako lan hauek joan den neguan Lagako hondartzan egindako lanen jarraipena dira, eta Laga eta Laida hondartzen arteko oinezkoen ibilbidea egokitzeko proiektuaren barruan kokatzen dira. Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa da. Lanek 2.950 metroko tarte bat hartzen dute: Laga hondartzako lehen begiratokian hasiko dira, eta Laida hondartzan amaitu, bertako autobus-geltokiaren parean.

Lanak hiru fasetan banatuta daude; lehenengo fase hori aurtengo azaroaren 6rako amaitzea espero da. Lehen fase honetako errepide-mozketak aldizka banatuko dira, hiru bide-tartetan, BI-3234 errepidean zehar. Bigarren fasea ere hiru bide-tartetan banatuko da, eta lehen fasea amaitutakoan hasiko da. Azkenik, hirugarren fasea abenduaren 9an hasi eta abenduaren 30ean amaituko dela aurreikusten da. Lehen eta bigarren faseetan, mozketa iraunkorrak egingo dira exekutatzen diren bitartean, baina azken faseko mozketak lanaldi bakoitza amaitutakoan kenduko dira.

Jarduketa-ildo honen lorpena Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarriaren Estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia hori garatzen ari da Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua gaur egun, eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Planaren zirriborroan ezarritakoaren arabera:

  • Irisgarritasuna hobetzea hiriguneko nahiz landa-inguruneko biztanleguneetara eta Urdaibai Biosfera Erreserbako kultura- eta natura-intereseko guneetara
  • Estuarioko eskuin-ertzaren paisaia indartzea
  • Intermodalitate-puntu desberdinak konektatzea garraio publikoa sustatzeko

Bide-tarte hau exekutatzean, gaur egungo garraio pribatu masiboaren erabilera gutxituko da, baita atmosferara egiten diren BEG isuriak ere (1.400 t CO2/urte murriztea aurreikusten da). Horren guztiaren ondorioz, klima-aldaketa arindu, eskualdeko biztanleriaren osasuna hobetu eta irisgarritasuna, konektagarritasuna eta mugikortasuna sustatuko dira.

Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarriaren Estrategia

Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua garatzen ari den Mugikortasun Jasangarriaren Estrategiak –1984an Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zenean ezarritako helburuen betetze-maila eta UNESCOren MaB programaren oinarri diren kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren helburuak lortzeko– helburu hauek ditu: klima-aldaketa arintzea, isuriak murriztuz; Urdaibai Biosfera Erreserban mugikortasun mantsoa sustatzea; oinez edo bizikletaz iritsi ahal izatea eremua osatzen duten gune guztietara; eta ekialdeko eta mendebaldeko muturrak (Elantxobe eta Matxitxakoko itsasargia) konektatzea.

Exekutatutako ekintzak

Azken urteotan oinezkoen 24 kilometro inguruko ibilbideak egokitu dira, eta Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak hainbat esku-hartze osatu eta sustatu ditu Gernika-Lumo ingurunean eta Urdaibaiko eskuin-ertzean.

2010etik 2014ra, “Oka ibaiaren goi-estuarioko ondare naturalaren eta kulturalaren leheneratze integrala egiteko eta ondare horri balioa emateko proiektua” landu eta garatu zen. Horrek aukera eman zuen oinezkoentzako ibilbideen sare bat sendotzeko, bi ibaiertzak Forua eta Kortezubiren ingurunean lotzeko eta Gernika-Lumo udalerria goialdeko estuarioko udalerriekin lotzeko.

2010etik 2011ra bitartean, oinezkoen ibilbide batzuk ere egokitu ziren BI-3234 errepidearen ezkerraldean, Ibarrangeluko herrigunearen eta Laga hondartzaren arteko eta Laida hondartzaren eta Kanala auzoaren arteko bide-tarteetan.

2014an, Kortezubiko herrigunearen eta Gautegiz-Arteagako Urdaibai Bird Center ekipamenduaren arteko oinezkoentzako ibilbidearen proiektua idatzi zen, eta joan den urtean gauzatu zen.

Azkenik, joan den neguan zehar Laga eta Laidaren arteko ibilbidearen lehen fasea exekutatu zen; hain zuzen ere, ostiral honetan, 25ean, hasiko diren lanen aurreko fasea.