Basque Team Fundazioa Tokio 2020ko Joko Olinpikoetarako azken prestaketak egiten ari da

Argitalpen-data: 

tokyo 2020 basque team

Tokio 2020ko Joko Olinpikoetarako atzerako kontaketa hasi da dagoeneko. Eta euskal kirola nazioarteko lehiaketetan bultzatzen eta sustatzen duen Basque Team Fundazioa azken prestaketa guztiak egiten ari da euskaldunen parte-hartzea markakoa izan dadin.

Azken lau urteetako kirol-ekitaldirik garrantzitsuenera joango diren pertsonak zein izango diren jakiteko zain gaude oraindik. Oraingoz, Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Higinio Rivero piraguistek lortu dute Joko Olinpikoetara joateko txartel nominala, eta Virginia Díaz arraunlariak eta Iñigo Peña piraguistak oso ongi dute bideratuta parte hartzeko aukera, beren ontziak sailkatuta baitituzte. Gurpil-aulkiko basketeko Asier García, Txema Avendaño, Agurtzane Eguiluz eta Beatriz Zudaire jokalariek dagoeneko sailkatuta dauden selekzioen deialdian sartzea espero dute, belar-hockeyko Diego Arana jokalariak bezalaxe. Bestalde, Iraitz Arrospide atleta gipuzkoarrak dagoeneko lortu du gutxieneko marka, eta Tokiorako deialdian sartzea espero du. Era berean, Basque Team-en enbaxadorea den Jon Rahm golf-jokalaria sailkatuta dago, gaur egun munduko sailkapenean duen tokia kontuan hartuta. Duela lau urte, 24 kirolari lehiatu ziren Rio de Janeiroko olinpiadetan Basque Team-en babesarekin, eta datozen Joko Olinpikoetarako helburua zifra horri eustea edo gainditzea da.

Atzean geratu dira ia lau urte hauetako lehiaketak, ahaleginak eta kirolariei nazioarteko lehiaketa mota orotan emandako babes irmoa. Adibide bat ematearren, 2019. urtean Basque Team Fundazioak 560.000 eurotik gorako ekarpena egin zuen lehen mailako 66 atletari eta 9 teknikariri laguntzeko. Zifra hori azken bi urteetan emandakoen oso antzekoa da, eta hainbat kirol-proiektutara bideratutako beste 300.000 euro gaineratu zaizkio.

Hemendik aurrera, eta datorren uztailera arte, euskal atletek beren lana ongi amaitu eta XXXII. Joko Olinpikoetarako sailkapena lortu beharko dute. Eta Joko Olinpikoetan sartuta, Basque Team Fundazioak eta EiTBk Jokoen estaldura berezi bat prestatu dute. Izan ere, lehen aldiz, atletek kirol-kategoria guztietan izan duten parte-hartzearen informazio-jarraipen espezifiko bat egingo dute Fundazioak eta komunikazio-talde publikoak, Joko Olinpikoetan zein Joko Paralinpikoetan. Aipatu beharra dago, gainera, Tokio 2020rako ibilbide osoan bidaide izango duten abestia, Lidia Insaustik kantatua. Abestiaren letra Andoni Egaña bertsolariarena da, eta musika Mikel Unzurrunzagak (DJ Makalak) eta Juan Carlos Vidaurretak egin dute.

Eta, azkenik, bost Michelin izar dituen Eneko Atxa chefak diseinatutako bi menu esklusibo izango ditu euskal ordezkaritzak, Basque Team Fundazioko arduradun biomediko Xabier Leibarren nutrizio-gomendioak kontuan hartuta: barazki-tartarra, azpizuna sagarrarekin, azalorea, perretxikoak eta Idiazabalgo gnokiak eta arroz-esnea batetik, eta arrain marinatua ozpin-oliotan, baserriko arrautz-gorringoa gari-erregosian eta ikatzetan erretako piperren zukuarekin eta torrada karamelizatua bestetik. Joko Olinpikoetarako podiumeko bi menu dira.