Barrualde-Galdakaoko ESIak laborategiko hondakin kimikoak % 80 murrizten dituen teknologia erabiltzen du

2020.eko abenduak 17

Sistema horri esker, hondakin kimikoak urtean 60 tonatik 12ra murriztuko dira, eta urtean 33.500 euro aurreztuko.

Erakundeak lurrunketan oinarritutako teknologia ezarri du, biokimika laborategiko makina autoanalizatzaileetan sortutako hondakin kimikoen kopurua murriztuko duena.

 

Abuztuan ezarri zen instalazio horrek ekarriko du Galdakao-Usansoloko Ospitaleko (Barrualde-Galdakao ESI) Biokimika Laborategiak sortutako hondakinak % 80 murriztea, urtero. Ekipamendu horrek kanpoan kudeatu beharreko hondakin-kopurua murrizten duen lurrunketa-prozesua egiten du, eta bide batez, bertan dagoen ura berreskuratzen da. Sistemak, egunero, 250 litro hondakin tratatzen ditu baditu ere, egunean 700 litro tratatzeko ahalmena dauka, laborategiaren jardueraren igoera puntualei edo etorkizunekoei aurre egiteko.

2015ean laborategia berritu zen, eta harrezkero, hondakin kimikoak analisi-makinetatik ospitaleko sotoan dauden mila litroko edukiontzietaraino bideratu dira. Ondoren, errepidez eramaten ziren tratamendu-instalazio batera, bertan hondakin arriskutsu gisa kudea zitzaten. Lurrungailu berriari esker, sortutako hondakin arriskutsuen kopurua murriztu egingo da, urtean 60 tonatik 12ra igaroz.

Zerbitzu-erakundeko honetako Mantentze- eta Ingurumen-Zerbitzuak berrikuntzaren eta teknologia berriak ezartzearen aldeko apustua egin du. Susana Garate Ekonomia eta Finantza zuzendariaren hitzetan, "gure ingurunearekiko jasangarriago bihurtuko gaituen beste aurrerapauso bat dakarkigu neurri hau inplementatzeak. Horrela, ingurumen-inpaktua minimizatuko dugu, garraioak sortzen duen CO2 igorpenak murriztuko ditugu, eta ospitale barruko zerbitzu osagarrietarako berrerabil daitekeen ur destilatua sortuko dugu. Bestalde, hondakin arriskutsuak nabarmen murrizteaz gain, hondakin horiek tratatzeak dakarren urteko gastua ere nabarmen murriztuko da”, urtean 43.000 eurokoa izatetik 9.500 eurokoa izatera pasatuko baita. “Zalantzarik gabe, hobekuntzarako aukera da, bestela hondakin mota horien sorrera ezin izango zen murriztu-eta; batez ere, sortzen den bolumena jarduerarekin zuzenean lotuta dagoelako, hau da, aztertutako lagin kopuruarekin", gaineratu du Susanak.

Ekipamenduaren amortizazio ekonomikoa 3 urte pasatxoko epean egingo da. Epe laburrera edo ertainera egindako inbertsio horiek agerian uzten dute gure erakundeak jasangarritasunarekin daukan konpromisoa, hiru zutabe hauek dituena, hain justu: ingurumenarekiko, ekonomiarekiko eta gizartearekiko erantzukizuna.

 

 

Galdakao, 2020ko abenduaren 17a