Azpiazuren iritziz Eustaten HHKA-ACET-aren datuak onak dira, baina gakoa pandemiaren kontrolean dagoela gehitu du

2020.eko urriak 23

 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren ustez, Hiru Hilabetez behingo Kontuen Aurrerapenean –HHKA-ACET– EUSTATek gaur argitaratu dituen datuak “onak” dira, baina egia da gakoa pandemia kontrolatzea dela, martxotik gertatu den bezala. Hirugarren hiruhilekoko EAEko BPGa %15,2 igo da hiruhileko batetik bestera, eta urte arteko BPGa -%7,7an geratu da, Eusko Jaurlaritzaren aurreko aurreikuspena (-%11,9) baino lau puntu gorago, hain zuzen ere. Zifra horiek aurrerapena dira, eta datorren abenduaren 4an ikusiko da zeintzuk diren behin betikoak.

Kontuen aurrerapenak enpleguari buruzko datuak ere ematen ditu, eta horrek jarduerarako itzulera nabarmena adierazten du eta urte arteko jaitsiera aurreikusitakoa baino txikiagoa izan dela (-%6,5ekoa, eta aurreikuspena -%9,2koa zen). Hirugarren hiruhilekoko PRAk berretsi egin ditu nahiko positiboak diren emaitza horiek, langabezia tasak behera egin duela erakusten baitu, %10,8tik %10era. Egia da aldi horretan enplegua sortu dela (3.100 pertsona), baina langabezia tasaren jaitsieraren arrazoi nagusia pertsona aktiboen beherakada izan da (5.600 pertsona gutxiago).

Orain zalantza bat dago, bizi dugun kutsatzeen olatu berriak eta martxan jartzen ari diren mugaketek laugarren hiruhilekoan eraginik izango ote duten ala ez.