Aurrez aurreko hezkuntza-jarduera ikasgeletara itzuli da, modu mailakatuan, DBHko 4. maila, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa eskaintzen duten ikastetxeetan

2020.eko maiatzak 25

Gaur maiatzak 25, astelehena, hasi da Euskadin DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen itzulera mailakatua, aurrez aurreko hezkuntza-jarduerara. Etapa horiek ematen dituzten ikastetxeak, euren pedagogia eta antolaketa-autonomiaren barruan, jarduera presentzialera itzuli dira, nork bere hezkuntza-lehentasunak ezarrita, ikastetxearen eta ikasleen ezaugarrien arabera, eta mailaka.

Ikastetxeak dira ikasleak ondoen ezagutzen dituztenak, eta eurek ezarri dituzte plangintza zein aurrez aurreko jardueraren antolaketa, ikasturtearen amaierara arte. Gerta daitekeen kasuistika zabalaren barruan, egon daitezke ohiko irakaskuntza-jarduerari heldu dioten ikastetxeak, edo aurrez aurreko eskolak errefortzu edo tutoretza-jardueretan zentratzen dituztenak. Badira, halaber, ikasturtea modu telematikoan amaituko duten ikastetxeak, edo baita bi modalitateak konbinatzen dituztenak ere.

Gaur ikastetxeetara itzultzen hasi den jarduera presentziala ugarituz joango da datozen egunetan, ikasgeletara itzuli ahal izateko lehenetsi diren hezkuntza-etapetan. Ikasgeletara itzultzeko lehen egun honetan, Institutuen % 20 inguruk hasi dute jarduera presentziala ikasleekin; Lanbide Heziketako ikastetxeetan ia ikastetxe guztiek ekin diote gaur.

Irudietan, Martin de Bertendona Bigarren Hezkuntzako Institutuko eta Elorrieta-Erreka Mari Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko ikasleak, biak Bilbon, lehen eskola presentzialei ekin die gaur goizean, osasun-agintariek ezarritako argibideei eta neurriei jarraituz.