Artolazabalek Gorabideren egunean parte hartu du, telematikoki

artolazabal.jpg

2020.eko irailak 16

  • Sailburuak esan du bere taldeak “gero eta bidezkoagoa, zuzenagoa eta solidarioagoa den gizartea lortzeko” lan egingo duela

Vitoria-Gasteiz, 2020/09/16

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, bideo baten bidez, Gorabideren Egunaren 58. edizioan parte hartu du; eguna Bilboko Azkuna Zentroan antolatu du adimen-desgaitasuna duten pertsonei laguntza emateko Bizkaiko elkarteak.

Ekitaldian, Artolazabalek honako hau esan du: "Euskadi beti izan da aitzindaria gizarte-inklusiorako, pobreziaren aurka borrokatzeko eta gizarte-zerbitzuen garapenerako neurri eta politikak abian jartzen”. Azken hamarkadotako aurrerapenak “garrantzitsuak” izan direla esan du, “baina Iñigo Urkullu buru duen gobernuan kontziente gara desberdintasunean eta bazterketan eragina duten alderdi batzuk oraindik nabarmenak direla”. Hori dela eta nabarmendu du berak zuzentzen duen sailak eginkizun “zaila baina beharrezkoa” aurrera eramateko lan egingo duela: “oztopo horiek ezabatzeko aurrera egitea, gizartea gero eta bidezkoagoa, zuzenagoa eta solidarioagoa izan dadin”.

“Hala egingo dugu, ahultasun-egoeran dauden pertsonen eskubideak defendatzea eta babestea lehentasunezkoak direlako Lehendakari eta gobernu honentzat”, esan du, amaitzeko.