Arriolak mugikortasun iraunkorra bultzatuko du legegintzaldi honetan, trenbideko garraioa ardatz hartuta

Argitalpen-data: 

Arriola sailburua bere agerraldia hasi baino lehen

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, gaur, Eusko Legebiltzarrean hitz egin du, bere sailak datozen lau urteotan izango dituen jarduketa-ildo orokorrak azaltzeko; ildo horiek, esan duenez, “zati handi batean, EAJren eta PSE-EEren artean sinatutako Akordio Gobernuan ezarritako konpromisoaren garapena dakarte”.

Arriolak legegintzaldi honetarako ardatz estrategiko gisa honako hau ezarri du: mugikortasun jasangarria sustatzea, funtsean trenbideko garraioaren modalitateetan oinarrituta, gizarte- eta lurralde-kohesio handiagoa izateko.

Eremu horretan, Mugikortasun Jasangarriko Legearen proiektua prestatuko da, garraioko sistema integratuaren garapena sustatzeko, 2030 Agendaren helburuak aintzat hartuta, efizientea eta jasangarria dena, lurralde-kohesioa sustatzen duena eta egungo ereduaren ondorio negatiboak murrizten dituena. Lege-esparru horrekin batera, Mugikortasun Jasangarriko Plana prestatuko da, eta plan horrek Euskadiko garraio-sistemak lurraldeko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-beharretara egokitzen direla bermatzeko jarraibideak ezarriko ditu.

Gainera, Elkarreragingarritasun Sistema sortzeko lan egingo da, erabiltzaileek autonomia-erkidegoko garraio-sistema guztiak erosotasunez erabili ahal izateko, operadore guztiek aitortzen duten ordainbidearekin.

Tranbia-sarea dela eta, hura honako jarduketa hauekin garatuko da:

  • Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzoraino eramateko handitzen jarraitzea, eta hura abian jartzea.
  • Proiektuaren informazio-azterlana amaitzea, tranbia Zabalgana auzora eramateko. Legegintzaldi honetan tarte horren obrak hasteko aukera emango duten eraikuntza-proiektuak idazteko aurretiko urratsa da, finantzaketa-hitzarmenak sinatu ondoren.
  • Vitoria-Gasteizen kotxe-toki berrien informazio-azterlana idazten amaitzea, eta haren ingurumen-izapidetzearekin eta eraikuntza-proiektuaren idazketarekin jarraitzea.
  • Bilbon aurreikusten da Bilboko tranbiarako kotxe-tokietarako beharren azterlana egitea, eta hiru jarduketari buruzko informazio-azterlanak amaitzea: bertako Tranbia Eraztuna amaitzea, Atxuri-Kale Nagusia tartean bidea bikoiztea eta Bolueta-Etxebarri tartean tranbia jartzea.
  • Halaber Zorrotzaurreko tranbia handitzearen definizioari ekingo zaio.

Trenbidearen eremuan, datozen urteotan trenbide-sarea modernizatzeko jarduketek ere ondorio garrantzitsuak izango dituzte Euskadiko zenbait udalerriren hiri-hobekuntzan. Hura gauzatzeko, dagozkion hitzarmenak ezarriko dira eraginpean dauden udalekin. Honako hauek dira lehentasuna duten jarduketak:

  • Egungo Lezamako Bide Zaharra eraldatzea, eta burdinbide berde ireki bilakatzea.
  • Zarauzko EuskoTrenen geltoki berria eraikitzea eta trenbidea integratzea.
  • Oinezkoentzako pasealeku berria trenbide-trazaduran Eibar erdigunea-Azitain tartean, eta foru-bidegorriarekin lotzea, inguruneko udalerrien arteko kohesio-elementu gisa.
  • Bentak-Muga tarteko topoaren linea berria. Jarduketa garrantzitsu horrek, IRUN Bidearen eragiketarekin konbinatuta, egungo linearen trazadura ADIFen bideen hondartzaren alboko gune batera lekualdatzea dakar, eta, hala, hiri-ingurunea trenbide-lubakitik liberatzea.
  • Trenbide-pasaguneak kentzeko programarekin jarraitzea eta berriro sustatzea, eta, horretarako, euskal trenbide-sarearen irisgarritasuna bultzatzea.

 

Autobus Elektriko Adimenduna dela eta, hura amaitzea eta Vitoria-Gasteizen eta Donostian BEI abian jartzea aurreikusten da, bai eta BEI Leioa-Unibertsitatea (EHUko campusa Bizkaian) linean ezartzeko aukera aztertzea ere.

Legegintzaldiko helburu nagusietako bat Euskadiko Trenbide Sare Berriaren (Euskal Y esaten zaio) sustapena da, bai zuzeneko eskumenen esparruan, bai abiadura handiko linea gauzatzeko bide emango duten erakundeen arteko lankidetza-formulen bidez.

Hala, indarrean dagoen egungo kudeaketa-gomendioak zehaztutako esparruan, dagoeneko lizitatuta dauden edo gauzatzen ari diren tarteetan obrak amaitzea aurreikusten da, bai eta Astigarraga-Lezo tartearen informazio-azterlana amaitzea ere, Astigarragako geralekuko obrak eraikitzeko eta gauzatzeko proiektuak idazten hasteko aurretiko urrats gisa.

Trenbide-sare berriak hirietara duen sarbideen garapena dela eta, honako jarduketa hauek planteatzen dira:

  • Abando-Bilbo geltokia: behin betiko ixtea geltoki berriaren finantzaketa-hitzarmena.
  • Vitoria-Gasteizko geltokia: ingurumen-izapidetzea amaitzea eta finantzaketa-hitzarmenak idaztea.
  • Atotxako geltokia: dagoeneko kontratatuta dauden obrekin jarraitzea eta amaitzea.
  • Irungo geltokia: Oinarrizko proiektua ixtea, Adif-ekin jarraipena egitea eta lankidetzan jardutea, eraikuntza-proiektua idazteko eta obrak hastea.

Era berean, aurrera egingo da Garraio Ministerioarekiko lankidetzan, gomendioaren bigarren eguneratzearen baldintzak zehazteko. Horrek, besteak beste, honako hauek jasoko ditu: eraikuntza-proiektuak idaztea eta Bilbora Zaratamo-Cantalojas tartean trenbide-sare berria sartzeko obrak eta Arkauteko lotunearen obrak gauzatzea –trenbidearen Yaren adarra Altsasuarantz eta Irunerantz jarraitzen duen Renferen linea konbentzionalarekin konektatzen du–.

 Lau urte hauetan, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak espero du topoa Zumaia-Irun eta Tolosa-Donostia ardatzetako trenbide metropolitar bihurtzeko beharrezkoak diren jarduketa guztietan aurrera egingo duela, Loiolako Erriberen interkonexioaren bidez. Horretarako, jarduketa hauek egitea aurreikusten da:

  • Donostia-San Sebastiángo lurpeko trenbide-igarobidearen amaiera; gaur egun lanak aurreratuta daude.
  • Orio eta Usurbil bitarteko trenbide-trazadura berria. Egungo ibilbideko 1,5 km murriztu ahalko da, eta bide bikoitza egin ahalko da.
  • Altza-Galtzalaborda topoaren tarte berria; gainera, Pasaian trenbide-lubakia ezabatuko da.
  • Loiolako Erriberen trukagailua eraikitzea.

 Sailak, legegintzaldi honetan, Bilbo Handiko trenbide metropolitarreko bidaiarien garraio-sarearen garapen kontzeptuala amaituko du, epe ertaineko eta luzeko ikuspegiarekin. Hori horrela, Bilboko Metroko 4. linearen eta hegoaldeko zonaren informazio-azterlanaren eta 5. linearen informazio-azterlanaren eta hura Durango-Bilbao-Txorierri trenbide-linean integratzearen inguruko ondorioak edukitzean, erakundeen arteko ezinbesteko adostasuna bilatuko da, hura finantzatzeko.

Arriola sailburuak nabarmendu du, gainera, osasun-krisia izaten ari den gizarte- eta ekonomia-inpaktua kontuan izan behar dela, eta beharrezkoa dela administrazio eskudun guztien talka-plana, egungo egoerari aurre egiteko, garraiatzen den ohiko pertsona-kopurua berreskuratzen den bitartean. Eta honako hau esan du: “aztertu beharko da, halaber, nola murriztu, ahalik eta gehien, euskal administrazioek kudeatzen duten garraio publikoaren sistemaren ustiapenagatiko defizit globala; hura, aurten, pandemiaren ondorioz, 300 milioi eurotik gorakoa izan daiteke”.