Arriola: "Foronda Espainiako merkantzia-garraioaren oinarrietako bat da eta lan hauek aireportuaren lehiakortasuna handituko dute"

2020.eko irailak 30

Gaur goizean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu Iñaki Arriolak eta Gobernuaren Ordezkari Euskal Autonomia Erkidegoan Denis Itxasok Forondako aireportua bisitatu dute, Arabako aerodromoaren terminal-eraikinean eraberritze-lanak hasi direnean. Obrek 1,75 milioi euroko aurrekontua dute eta eraikinaren barrualdea zein kanpoaldea berrituko dituzte.

Aldi berean, zerbitzu-bide berrietan lanak egiten ari dira eta inguruko bideak egokitzen ari dira. Bloke teknikoaren aldamenean, handling-ekipamenduetarako gune bat zolatzea ere aurreikusi da, 3.700 metro karratuko espazio berri bat sortuz. Halaber, suhiltzaileen eraikinaren aldamenean 1.243 metro karratuko azalera duen espazio bat asfaltatuko da.

Arriola sailburuak esan duenez, Foronda Espainiako merkantzia-garraioaren oinarri nagusietako bat da eta bertan egingo diren lanek aireportuaren lehiakortasuna handituko dute.

“Terminala berritu ondoren —gaineratu du sailburuak— aireportuak hegaldi eta bidaiari gehiago erakartzeko ahalmena handituko du, aire-garraioan COVID-19ak eragindako egoera normalizatzen denean. Izan ere, bi trafiko motek —merkantzienak eta bidaiarienak— dute lekua bertan eta aldi berean funtzionatu behar dute Vitoria-Gasteizkoak eskaintzen dituen zerbitzuak bezalako aireportu batean".

Arriolak Espainiako Gobernuarekin, Aenarekin eta lurraldeetako erakundeekin elkarlanean jarduteko asmoa adierazi du, hiru aireportuetako eskaintza eta instalazioak hobetzeko, “gure ustez hirurak garrantzitsuak eta osagarriak direlako; horregatik, ikuspegi bateratu batekin eta koordinatuta jardun behar dugu, aireportu bakoitzaren alderdi sendoak aprobetxatuz".

Denis Itxaso Gobernuaren Ordezkariaren ustez, "Lan horiekin, Vitoria-Gasteizko aireportuak etorkizunean hazten jarraitzeko gaitasuna erakusten du ekipamendu egokiaz eta etengabeko mantentze-lanez, bai aireko aldeko azpiegituran, bai bidaiarientzako eremuan. Horrela, Arabako azpiegiturak erreferentzia izaten jarraitu ahal izango du zamaontzien garraioan, Espainiako aireportuen artean laugarren postua  egonez".