Arantxa Tapiak eta Cristina Uriartek Tknikaren instalazioak bisitatu dituzte

2020.eko urtarrilak 09

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Tknika Euskadiko LHko Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroaren instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean, Errenterian. Bisitan, sailburek ikastetxeko hainbat tailer eta gune bisitatu dituzte, Euskadiko Lanbide Heziketatik burutzen den lana bertatik bertara eta egin litekeen modurik praktikoenean ezagutzeko: zibersegurtasunaren arloan, 3D inprimaketan, ingurune birtualei dagokionean, eta baita jasangarritasunaren arloan egiten den lana ere, beste zenbaiten artean.

TKNIKA

Hezkuntza Sailak bultzatutako zentroa da Tknika. Ardatz nagusitzat ditu Lanbide Heziketarako berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua. Sare-lanaren bitartez eta Lanbide Heziketako irakasleen inplikazioari esker teknologiaren, prestakuntzaren eta kudeaketaren eremuekin lotura duten berrikuntza-proiektuak garatzen ditu. Hau da, azkenean Lanbide Heziketara iritsiko diren berrikuntza horiek guztiak Tknikan garatzen dira. Euskadiko Lanbide Heziketa Europako abangoardian kokatzeko helburuz egiten du lan egunero Errenteriako zentroak.