Arabako ESIko Laguntza Bidezko Giza Ugalketaren Unitateak Lagundutako Ugalketa Aurreratuko teknikak hasi ditu

2020.eko azaroak 20

650.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin ondoren, urtean 300 ziklo inguruko asistentzia-ahalmena aurreikusten da

Unitatea pazienteekin lanean hasi da berriro, COVID-19 delakoaren aurkako babes-neurri berrietara egokituz

Instalazioek 4 kontsulta, ebakuntza-gela 1, laborategi 1 eta 10 pertsona dituzte, ginekologia, enbriologia eta teknikari profesionalen artean

 

Arabako ESIko Laguntza Bidezko Giza Ugalketaren Unitateak abian jarri ditu Lagundutako Ugalketa Aurreratuko teknikak, osasun-agintariek pazienteei segurtasun-baldintzetan ematen zaizkien tratamenduak bermatzeko adierazitako segurtasun- eta prebentzio-protokoloetara egokituz.

AUO Txagorritxuk aspalditik zuen Andrologia Laborategia, eta diagnostiko eta intseminazio artifizialak egiten zituen, bikote edo emailearen semen gaitasunarekin. Orain, instalazio berri eta zabalago hauetan, in vitro ernalketak eta espermatozoideen injekzio intrazitoplasmatikoa egin ahal izango dira.

Unitate berriak 3.300 metro koadro hartzen ditu eta AUO Txagorritxuko Eguneko Ospitale Medikoan dago. 400.000 euro inguruko inbertsioa egin da elektromedikuntzako ekipamendurako, instalazioetarako, altzarietarako eta informazioaren teknologietarako. 10 profesional ditu, honako langile hauen artean: analisi klinikoak, enbriologia, ginekologia, erizaintza, ugalketa lagunduan esperientzia duten laborategiko teknikariak eta administrazioko langileak.

 

AZPIEGITURA

Unitatea egiteko, lagundutako giza ugalketako laborategien UNE 179007 (erreprodukzio-unitateetarako kalitate-estandar espezifikoa) espezifikoak eskatzen dituen baldintza guztiak hartu dira kontuan, hala nola klimatizazioa, argitasuna eta irisgarritasuna.

Sistema independentea ere badu, etengabeko elektrizitate- eta gas-hornidura bermatzen duena, eta Laguntza Bidezko Ugalketa Aurreratuko Unitateetan eskatzen diren maila desberdinetako segurtasun-sistemak ditu.

 

TALDEAK

Unitateak honako hauek ditu: kriokontserbazio gelak, obozitoak erauzteko eta enbrioiak jartzeko ebakuntza-gela, azken belaunaldiko enbrioien inkubagailua, injekzio intrazitoplasmatikoak egiteko mikroskopio alderantzikatua eta lau dimentsioko ekografoak.

 

LABORATEGIAK

Andrologiako laborategia

Semenaren oinarrizko azterketa, basektomiaren ondoko kontrola eta esperma-gaitasuna, umetoki barneko senar-emazteak edo emailearen intseminazioak egiteko.

Kriokontserbazio laborategia

Obozitoen eta enbrioien kriokontserbazioa. Obozitoen eta paziente onkologikoen semenaren kriokontserbazioa ere egingo da. N2 likidoko (-190 °C) edukiontzi kriogenikoetan oinarritzen da ekipamendua.

Enbriologiako laborategia

Lagundutako Ugalketarako Teknika Aurreratuak (FIC-ICSI, obozitoen/enbrioien bitrifikazioa). Laborategiak teknologiarik abangoardistena duen ekipamendua du:

  • Fluxu laminarreko kabina, parametroak kanpotik kontrolatzeko aukerarekin, gainazal berotuekin eta azken belaunaldiko estereomikroskopio integratuekin.
  • Kalitate optiko handiko mikroskopio alderantzikatua, eta sentikortasun handiko mikromanipulazio- eta mikroinjekzio-sistema.
  • Time Lapse motako azken belaunaldiko inkubagailua, enbrioiak etengabe monitorizatzeko sistema integratuarekin, enbrioiaren ebaluazio morfologiko eta zinetikorako software-a duena. Ekipamendu horrek aurrerapen handia dakar enbriologia- laborategietan, enbrioia eta haren mikroingurunea gutxiago manipulatzeko aukera ematen baitu.
  • Obozitoen eta enbrioien bitrifikatzaile erdiautomatikoa, bakarra merkatuan.
  • Giza ugalketarako kudeaketa klinikoko eta laborategiko programa esklusiboa.

 

ITXARON ZERRENDA

Erreprodukzio Aurreratuko Teknikak erabili behar dituzten pertsonentzako hitzorduen kudeaketari dagokionez, progresiboki egingo dira, itxaron zerrendan sartzeko ordenari hertsiki jarraituz.

Horregatik, hasteko, lehentasuna emango zaie jada Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIra eta Donostialdea ESIra bideratu diren baina teknika horiek egiteko tratamendu espezifikoa hasi ez duten pertsonei.

 Joan den otsailean inauguratu ziren instalazioak modernoak, zabalak eta erosoak dira, eta punta-puntako teknologiaz hornituta daude, kualifikazio handiko profesionalekin batera, Arabako biztanleek ugalketa-medikuntza aurreraturako duten irisgarritasuna handitzeko.

Era berean, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazten dizkiete ezagutzen dituzten prebentzio-neurriak eta, COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak izanez gero (sukarra, eztula edo arnasa hartzeko zailtasunak), beren etxeetan isolatu eta beren osasun-zentrora deitzea. Aldi berean, maskara erabiltzearen garrantzia, segurtasun-distantzia eta eskuak garbitzearen garrantzia gogorarazten dute, koronabirusaren aurrean babesteko.

 

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 20an