Amaitu dira Bermeoko portuko Lonja handitzeko lanak

2020.eko urriak 06

  • Guztizko azalera eraikiak 2.413, 65 m2 zituen lehen eta 3.284,24 m2 orain
  • Aurrekontua 1 M eurokoa izan da eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak finantzatu du
  • Lonja berrian kokatuko da etorkizunean izotz-fabrika

Bermeoko portuko Lonja handitzeko lanak amaituta daude, sei hilabeteren ondoren eta 1.014.131,97 euroko aurrekontuarekin. Handitzeko lanek errespetatu egin dute lehengo eraikina. Hortaz, arkitekturari dagokionez, bat egiten dute lehendik zegoena eta orain eraikitakoa. Modulu berriak hartuko du izotz-fabrika, eta lehendik zeudenei lotuta dago komunikazio-ardatz baten bitartez. Horrek aukera ematen du arraina saltzeko ere erabiltzeko, aparteko harrapaketen kasuan.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak hiru helbururekin ekin zion proiektuari. Batetik, bete egin behar ziren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eskakizun higieniko/sanitarioak –arrainen kaxak eta tinak biltegiratzeari buruzkoak–-, eta behar bezala erantzun behar zitzaien Lonjaren funtziotik eratorritako eskariei (arrainaren enkantea). Bestalde, eraikina handitzean, gerora barruan hartuko den izotz-fabrika eraikitzeko aukera eman behar zen, siloa, ontziak eta kamioiak egokiro hornitzeko. Eta, azkenik, inguratzailea eta instalazioak egokitzeko beharra ikusten zen, Europako zuzentarauetatik eratorritako energia-aurrezpen eskakizunetara (UE/31/2010) baita Estatukoetara ere (CTE/RITE).

Lonjaren azalera handitzeko eta xehatutako hobekuntzak egiteko, enpresa adjudikaziodunak (Construcciones Intxausti, S.A) Ramón Ruíz-Cuevas Peñak idatzitako proiektuari jarraitu dio. Lehendik zegoen eraikinari modulu bat eranstea erabaki zen, haren geometria errepikatuta. Horrela, hiru espazio modulagarri lortu dira beheko solairuan. Modulu berria biltegirako erabiliko da, eta izotz-fabrika bertan kokatzeko, beheko solairuan. Arraina saltzeko ere erabili ahal izango litzateke, harrapaketak apartekoak direnean, kontuan hartuta hiru moduluak komunikazio-ardatz batek lotu dituela, kaxak, izotza eta arraina garraiatzen diren labarraren ondoan.

Gainera, bao bat dago aurreikusita, karga-jasogailu bat instalatu ahal izateko, baldin eta lehenengo solairua gerora handituko balitz.

Bermeoko portuko Lonjak, handitzeko lanen ondoren, 3.284,24 m2-ko azalera du orain, eta horietatik 2.642,28 m2 beheko solairukoak dira.

Gainera, izotz-fabrika kokaleku berrira aldatzean, Bermeoko arrantza-sektoreak, 24 ontzik eta 130 arrantzalek osatuak (batik bat berdela amuarekin eta hegaluzea harrapatzen dituzte), espazio berri bat izango du kofradiarako ontziak biltegiratu eta garbitzeko. Hori guztia onuragarria da arrantzaleen udalerriaren garapen integralerako.