Amaitu da Donostiako Txomin auzoko etxebizitzen birgaitze energetikoa

2020.eko azaroak 18

  • Proiektuak 4,15 milioi euroko inbertsioa izan du, eta Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak koordinatu du, Donostia Sustapenaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzaren eskutik 2 milioi euroko dirulaguntza izan du

Amaitu dira, dagoeneko, 156 etxebizitzen birgaitze-obrak; hala, energiaren eskaria % 35 murriztu dute, fatxaden, estalkien eta leihoen birgaitzeari esker, eta hiri-berokuntzako zentral termikoan –District Heating– sartu izanari esker –zeinak biomasa erabiltzen baitu iturri energetiko nagusi gisa–, auzoa smart barruti adimendun izateko egiten ari den eta, zati batean, Donostia Sustapenak koordinatzen duen Europako REPLICATE proiektuaren bidez gauzatzen ari den hiri-eraldaketaren esparruan. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Donostiako Ekonomia Sustatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak gaur, eremua bisitatu dute, planaren lehen fasea amaitzean; fase horretan, 156 etxebizitza birgaitu dira, 773 etxebizitza eraiki dira eta auzo-berokuntzaren eta etxeko ur beroaren sistema eraiki da (District Heating). 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu Iñaki Arriolak esan duenez, pozgarria da egiaztatzea nolako emaitza izan duen biztanleen bizi-kalitatea nabarmen hobetuko duen esku-hartzeak, eta “ikustea nola Txomin Enea, nortasuna galdu gabe, gaztetu den, fatxadak, teilatuak eta leihoak berritu ondoren, eta irisgarritasuna hobetu eta District Heating konexioa egin ondoren”. “Proiektu hori –esan du– Euskadiko beste auzo asko begiratzeko ispilu bat da. Horregatik sartu dugu gure Sailak pasa den legegintzaldian auzoetan hiria berroneratzeko hasi zituen proiektu pilotuen artean. Legegintzaldi honetan, jauzi handia eman nahi dugu eremu horretan; izan ere, Hiri Arlo Kalteberen Inbentarioaren arabera, gure hiri eta herrietako 520 arlok, guztira, kalteberatasun “altua” edo “oso altua” dute, kontuan hartuta haietan Euskadiko biztanleriaren % 25 bizi dela.

Donostiako alkate Eneko Goiak azpimarratu duenez, Txomin Enea auzoan garatutako proiektua "hiri-berroneratzerako proiektu bat da", Udala garatzen ari den helburuak betetzen dituena.

"Alde batetik, hirigintza-garapena bultzatzen du, Urumearen ibarrean etxebizitza sortuz, gure hiriaren etorkizunerako estrategikoa den eremu batean. Bestetik, higiezinen parkea berritzeko asmoz egiten du hori, jasangarritasun eta efizientzia energetikoko irizpideekin, eta beste eremu batzuetan aurrera egiten jarraitu nahi dugu " adierazi du.

Goiak azpimarratu du proiektua Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren arteko erakunde arteko lankidetzatik bultzatu dela, "Eta donostiar askoren bizi-kalitatea hobetzean islatu da".

"Auzo berri bat eraiki da, etxebizitza berriekin, eta zaharrak birgaitu egin dira, eta horrek kalitatezko ingurune moderno bat eskaini du, Euskadiko beste eremu batzuetan adibide gisa erabil daitekeena" azpimarratu du.

Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak esan zuenez, “Txomin auzoak, lehen, gabeziak zituen, hirigintza-garapen irregularra zuen eta Urumea ibaiaren uhaldiak jasan ohi zituen, besteak beste, eta, orain, esperimentazio-espazio bilakatu da, bai eta, REPLICATE proiektuari esker, Europako beste leku batzuetan erreplikatuko diren proiektu pilotuen espazio ere. REPLICATE proiektuaren bitartez, energiaren, mugikortasunaren, azpiegituren eta IKTen eta herritarren parte-hartzearen inguruko esku-hartzeak egin ditugu. Etxeak birgaitzeko fase horrek aukera eman du haietan bizi diren, energia gutxiago kontsumitzen duten eta erosotasuna irabazi duten herritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko. Gainera, blokeak erabat eguneratuta eta berrituta geratuko dira, eta, ondorioz, blokeen eta auzo osoaren balioa handitu egingo da”.

Txomin bizitegi-auzoa Donostiako Urumearen ibarraren barrutian sartzen da; espazio estrategikoa da jarduketa integratuak gauzatzeko, zero emisiotik hurbil dagoen Smart barruti bilakatzeko. Prozesua 2008an hasi zen, Urumea ibaiak aldian behin eragiten zituen uholdeekin zerikusia duten arazoei erantzuteko Donostiako Udalak Hiri Plan Berezia zehaztu zuenean.

Txomingo birgaitze energetikoko proiektua honako hau izan da: 156 etxebizitza eta 34 merkataritza-lokal birgaitu dira, hamar ataritan banatuta; guztira, 18.350 m2. Esku-hartzearen bidez, fatxadak, estalkiak eta leihoak birgaitu dira eta etxebizitzak hiri-berokuntzaren eta auzoko etxeko ur beroaren sistemarekin (District Heating) konektatu dira. Irisgarritasuna hobetzeko, bi igogailu berri jarri dira.

Esku-hartzea, guztira, 4,15 milioi eurokoa izan da; kopuru horretatik, birgaitze energetikorako lanak 2,85 milioi eurokoak izan dira, eta eraikinak District Heating-en sarearekin konektatzeko, 1,3 milioi euro erabili dira. Proiektuak finantzaketa publikoa izan du, eta hura honako bide hauetatik eskuratu da: batetik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bidez, zeinak 2 milioi euroko ekarpena egin baitu dirulaguntza bidez, eta, bestetik, Europako REPLICATE proiektuaren bidez, zeinak 1.335.897 euroko dirulaguntza eman baitu. Auzokideek 810.000 euro ordaindu dituzte.

Hasieratik, Txomingo auzotarren % 100ek erabaki zuen birgaitze energetikorako eta District Heating-en berokuntza zentralaren sistemara eta ur berora konektatzeko proiektuan parte hartzea. Proiektuaren obrak 2018ko urrian hasi ziren, eta azken ukituak 2020ko azaroan amaitzen ari dira. Etxebizitzen jabeek beren interesera ondoen egokitzen zen birgaitze-mota hautatzeko aukera izan zuten. Atari guztietatik, haietako bostek fatxada aireztatua aukeratu zuten, eta beste bostek, SATE fatxada. Birgaitzeko eta DHra konektatzeko esku-hartzea Giroa-Veolia enpresak gauzatu du; hura Europako REPLICATE proiektuaren bazkidea da, eta hark izan du Donostiako Txomingo etxebizitzak birgaitzeko jarduketaren ardura.

Etxebizitza guztiak daude District Heatingen bidez monitorizatuta, eta, horri esker, auzotarrek plataforman beren etxebizitzari buruzko informazioa kontsulta dezakete eta beren kontsumoak, gastu energetikoa eta abar ezagutu. Gainera, tenperatura- eta hezetasun-sentsoreak jarri dira, eta horiek konfort-maila areagotu dela detektatu dute.

Kontsumo energetikoen monitorizazio-datuen inguruko lehen analisiak erakusten du birgaitze energetikoari esker eskarian egon den murrizketa % 35 ingurukoa dela (% 34,69). Modu berean, aurretiko datuen bidez, % 12ko aurrezpen ekonomikoa kalkulatzen da etxebizitzen faktura energetikoetan. Aurrezpen energetikoen datuak kalkulatzeko, etxebizitzen talde adierazgarri baten 2017ko fakturen kontsumo-datuak DHaren bidez monitorizatutako etxebizitza horiei dagozkien kontsumo-datuekin erkatu dira. Proiektu honi esker, urtean CO2ren 95,85 tona emisio saihestu dira; toma horietatik, urtean 45,5 birgaitzeari berari esker lortutako aurrezpenei dagozkie, eta urtean 50,45 tona, biomasadun DHaren erabilerari. Etxebizitzen ziurtapen energetikoak direla eta, atari guztiak igaro dira A kalifikazio energetikora.

REPLICATE PROIEKTUA 

Smart ezarpenen zati bat Europako REPLICATE proiektuaren bidez gauzatu da, H2020 programaren bitartez kofinantzatua (691735 zenbakiko kontratua; Europako SCC1 Smart Cities and Communities deialdia), eta Txomin auzoa Smart eremuan eta jasangarritasunaren eremuan erreferente bilakatu du, hiriko beste ingurune batzuetan edo Europako beste hiri batzuetan erreplikatzeko duen ahalmena frogatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuen esperimentazio-espaziotzat jotzen baita.

Proiektuaren helburua da Donostia, Florentzia (Italia) eta Bristol (Erresuma Batua) itsasargi hirietan (pilotuak) hiri jasangarriaren negozio-eredua garatzea eta balioztatzea, SmartCityrako trantsizio-prozesua hobetzeko energia jasangarriaren, mugikortasun jasangarriaren eta IKTen/Azpiegituren eremuetan, eta, horretarako, teknologia berritzaileak zabaltzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta erreplikazio-prozesuan eta negozio-ereduetan eragitea. REPLICATE proiektuaren jarduketa-eremua Urumearen ibarraren barrutia da; hura, proiektu honen finantzaketatik kanpora egindako beste ekintza batzuekin batera, aukera ematen ari da Txomin auzoa smart eta jasangarritasunaren eremuan erreferente bilakatzeko. 

REPLICATE proiektuaren esparruan, hiri-berokuntzako zentral termikoa eraiki da; District Heating horren iturri energetiko nagusia Biomasa da, eta 1.500 etxebizitza baino gehiagotarako hornikuntza-gaitasuna du. Hiriko berokuntzaren eta etxeko ur beroaren zerbitzuaren jabetza Udalak du, Donostia Sustapenaren bidez, eta 2018ko urritik dago aktibo. Zentral termikoak 7.400 kW-ko potentzia du, eta 1.400 kW-ko biomasako bi galdara (energia berriztagarria).

Esku-hartzearen onuretako batzuk honako hauek dira: herritarrentzako konforta hobetzea, urtean 365 egunetan eta egunean 24 orduetan erabilgarri dagoen berokuntza-zerbitzuarekin; etxebizitzetan arriskuak murriztea, eraikinean errekuntza-elementurik ez dagoelako, eta CO2 emisioak murriztea eta erabiltzaileek monitorizazio-plataforma baterako sarbidea izatea.