Administrazio Orokorraren langileen egitura eguneratukoduen Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektua onartu du Gobernu Kontseiluak (Gobernu Bilera 2020-12-1)

fotoconsejo.jpg

2020.eko abenduak 01

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskadiko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen egitura eguneratuko duen Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektua. Legeak lanpostu bakoitzerako funtzioak eta titulazioak berrantolatzea ahalbidetuko du, eta Administrazioaren egungo talde eta azpitalde profesionalen kopurua sinplifikatuko du. Era berean, prozesuak malgutuko ditu lanpostu bakoitzaren betekizunak eguneratzeko eta aldatzeko, lanbide titulazioetan gertatzen diren aldaketen arabera. 

Gai hori guztia arautzen du gaur egun indarren dagoen legeak, 2004an onartua izan zen. Aitzitik, errealitate berriak araudia egokitzea gomendatzen du, egungo arauan jasotako taldeak eta azpitaldeak eguneratzeko, sortutako titulazio berrietara egokitu daitezen eta hobeto erantzun diezaieten Administrazio moderno batek eskatzen dituen titulazio eta profil profesionalei. Horrek giza baliabideen antolaketa hobetzea ekarriko luke eta, aldi berean, herritarren beharrei erantzun egokia ematea ahalbidetuko luke. Halaber, aurrerapen kualitatiboa izango litzateke langileen hautaketaren arrazionalizazioaren ikuspegitik, unean uneko antolaketa-beharrekin bat etorriko litzatekeelako. 

Lege honek, etorkizunari begira, egungo talde eta azpitaldeen kopurua sinplifikatu nahi du. Horrela, bi kidego profesional aurreikusten ditu eta, bien barruan, 54 eskala sartuko dira:

  • Kidego orokorra: administrazio-jarduerari lotutako eginkizunak betetzen dutenak hartuko ditu barnean. Kidego horrek lau eskala profesional izango ditu: administrazioko goi mailako eskala, administrazio kudeaketakoa, administraziokoa eta administrazio-laguntzakoa  
  • Kidego berezia: lanbide bati edo lanpostujakin batzuei buruzko ezagutza espezifikoa eskatzen duten eginkizunak betetzen dituena. Kidego honek 50 eskala profesional bereiziko ditu, hala nola, farmacia, meatzeak, haziak, juridikoa, kartografikoa, medikuntza, hirigintza...

Lege proiektuak bi xedapen gehigarri ditu eta horiei esker lan-eskaintza publikoetan sartzeko txanda bereziak sortu ahal izango dira, deitutako plazen kidego eta eskaletan gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen duten bitarteko langileentzat. Bitarteko langileak plantillaren %40 baino gehiago direnean gaituko da kanal hori. Prozesuak proba praktiko bakarra izango du, deialdi bakoitzeko lanpostuetako ohiko prozedurekin, zereginekin eta eginkizunekin lotuta. Lehiaketa-oposizioen barruko kanporaketa-proba izango da.

Praktikan, enplegua finkatzeko bide bat izango da, gaur egun bitarteko langileek betetzen dituzten eta gure administrazioan balio handiko esperientzia eta ezagutza ematen duten lanpostuetan. Arau honek beharrezko estaldura emango dio prozesu honi berme juridikoarekin aurre egiteko, beti ere Funtzio Publikoan zuzendu behar diren berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz.