Abendua egonkorra izan da, eta Lanbiden langabe gutxiagoko (5.512 gutxiago) urte arteko saldoaren joera finkatu da.

2020.eko urtarrilak 03

  • Serie historikoko afiliazio kopuru handiena duen abendua da, zehazki 980.592
  • 2019an, DSBEaren hartzaileen kopuruak behera egin du, eta 2.925 gutxiago dira

2019aren amaieran Euskadin langabe-kopurua murrizteko joera finkatu da; 5.512 langabe gutxiago daude inskribatuta Lanbiden, 2018ko abenduarekin urte arteko erkaketa egiten badugu.

Abenduan normalean hazkuntza edo murrizketa moderatuak izaten dira langabeziaren urteko zikloan, eta hil hau egonkorra izan da berriz ere, eta ia ez da aldaketarik egon aurreko hilaren aldean. Azken abendu honetan, behera egin du langabeziak emakume eta gazteen artean, baina gora egin du gizonen artean; gorakada txikia egon da azaroaren aldean, 385 langabe gehiago egon baitira, gaur Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak jakinarazi duenez.

Euskal Enplegu Zerbitzuko arduradun nagusiak nabarmendu du 2019an langabeziaren % 10eko mugatik jaistea lortu dela; helburu hori Urkulluren gobernuaren garrantzitsuena izan da legegintzaldi honetarako.

2019ko abenduaren 31n Lanbiden langabe-kopuruak behera egin du, eta 114.162 dira guztira. Langabe-kopuru hori bat dator JBI eta BAI azken inkestetan azpimarratutako beheranzko joerarekin; inkesta horiek Eustat-ek eta EINek eman dituzte ezagutzera. Bi inkesta horietan langabezia-tasa % 9,2koa dela jaso da. Urtarrilaren amaieran, bi estatistika-analisi horien urteko emaitzak jakingo ditugu.

Lanbideko zuzendari nagusiak ere DSBEaren hartzaileen espediente-kopuruan gorakada txikia egiaztatu du. Azken hil honetan, 150 gehiago dira, eta 52.455 dira guztira. 2019ko saldoak 2.900 espediente baino gehiagoko beherakada ekarri du, eta DSBEaren hartzaile-kopurua krisialdiaren unerik gorenenetatik 13.000 espediente baino gehiagotan murriztu da, lan-merkatuan sartu baitira.

Gaur, halaber, Gizarte Segurantzako kotizatzaileen datuen berri eman da; Euskadin, guztira, 980.592dira, eta kopuru hori historiako markatik oso hurbil dago; marka hori 2008ko bigarren hiruhilekoa da. Serie historiko osoan abendua izan da onena, eta, beraz, krisi ekonomikoaren aurreko enplegu-maila maximoak gainditzear gaude.

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak nabarmendu du nolako beharra dagoen batik bat kolektibo ahulenen artean enplegua aktibatzeko tresna berriak sustatzen jarraitu ahal izateko, eta oso pozik agertu da 2020rako Gasteizko Legebiltzarrak oraintsu onetsi dituen euskal aurrekontuek gaitutako tresnekin.