ABEEE baxuenak osatzeko laguntzak eskatzeko epea hurrengo asteartean hasiko da, inprimaki online erraz baten bitartez

2020.06.18_Acuerdo_Ayudas_ERTEs_018.jpg

2020.eko uztailak 26

  • Inprimaki online erraz hau izango da bide bakarra eskabidea egiteko

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 26a

Uztailak 27, astelehena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak abian jarri dituen COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen deialdia argitaratuko du. Era horretan, hurrengo egunetik, asteartea 28, Lanbidek, bere web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus), inprimaki erraza argitaratuko du laguntza hauek eskatzeko aukera eskainiz.

Inprimaki online erraz hau izango da bide bakarra eskabidea egiteko. Inprimakia telematikoki bete ahalko da eta ez da identifikazio elektronikorik sartu beharko eta, hala, edozein gailutik bete ahalko da.

Deialdia uztailean, abuztuan eta/edo irailean ABEEE egoeran dauden eta urtean 20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten pertsonei zuzentzen zaie. Zehazki, hilean 150 euroko langabeziagatiko prestaziorako osagarria sortu da % 50etik gorako lanaldia duten pertsonentzat, eta hilean 100 eurokoa, % 50etik beherako lanaldia dutenentzat.

Onuradunei dirulaguntza hilero ordainduko zaie, hura eman ondoren, baina, aurretik, ofizioz egiaztatuko ditu Euskal Enplegu Zerbitzuak aldi horretan eskatzaile bakoitzari aitortutako langabeziagatiko prestazioaren iraupena eta zenbatekoa.

Lanbidek 15,46 milioi euroko aurrekontua du deialdi horri aurre egiteko. Momentu honetan, 25.000 pertsona inguru daude ABEEE (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean) egoeran eta betetzen dute, a priori, laguntza horretara jotzeko eskakizun ekonomikoa.

Laguntza horiek pasa den ekainaren 18an adostu zituzten Gizarte Elkarrizketarako Mahaiko Enplegu Taldeak, Eusko Jaurlaritzak, Langile Batzordeak eta Langileen Batasun Orokorrak sindikatuek eta Confebaskek. Eta, haien bidez, diru-sarrera txikienak dituzten eta ABEEE egoeran dauden langileen prestazioak osatu nahi dira, uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean.