810.000 euro bideratu dira eraikuntzaren arloko berrikuntzarako eta hirigintzaren eta arkitekturaren zabalkunderako (Gobernu Bilera 2020-06-30)

fotoconsejo.jpg

2020.eko ekainak 30

Gobernu Kontseiluak Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren bi agindu onartu ditu. Horietako batek eraikuntzaren sektorean kalitatea eta berrikuntza sustatzeko Eraikal programako laguntzetarako deialdia egiten du, eta besteak EAEko hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen zabalkundea sustatzeko deialdia.

Eraikal programak hiru dirulaguntza-lerro aurreikusten ditu, guztira 560.000 euroko zenbatekoaz. Lehenik eta behin, bizitegi-eraikin berrien eraikuntzan hobekuntzak dakartzaten berrikuntza-proiektu edo -azterketetarako, baita lehendik daudenak birgaitu eta kontserbatzeko direnetarako ere. Gainerako lerroak dira hobekuntza horiek aplikatzeko tresna informatikoak garatzeko, eta eraikuntza kudeatzeko sistemak ezarri eta ziurtatzeko, bai eraikuntzarekin lotutako alderdiei dagokienez, bai materialei eta efizientzia energetikoari eta jasangarritasunari dagokienez.

Bestalde, arkitektura eta hirigintza zabaltzeko laguntzen aginduak honako hauek diruz laguntzea aurreikusten du: erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea; aplikazio informatikoak eta material digitala ekoiztea; zabalkundeko liburuak edo gidak argitaratzea; eta EAEko arkitektura garaikideari buruzko dokumentalak eta webguneak egitea; Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak (Mugak) ezarritako gogoeta, elkarrizketa eta eztabaidako esparruen barruan betiere. 250.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du.

Programak laguntza-lerro hauek ezartzen ditu:

  1. Zabalkundeko aldi baterako erakusketak (150.000 euro bideratu dira guztira).
  2. Jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak eta workshop-ak (horientzat 50.000 euro erreserbatu dira).
  3. Argitalpenak, dokumentalak eta tresna informatikoak (50.000 euroko aurrekontua izango dute).

Deialdi honen esparruan egiten diren jarduerak argitaragabeak izango dira, lehendik dauden erakusketa ibiltarien kasuan izan ezik.

Eskabideak aurkezteko epea (bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira) Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta irailaren 10ean amaituko.

Deialdiaren xede diren diruz laguntzeko moduko lerroetako batean ere ez zaio dirulaguntza bat baino gehiago emango eskatzaile berari.