8,7 milioi euro ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntzarako, doktoratu aurreko kontratuen bidez (Gobernu Bilera 2020-07-28)

fotoconsejo.jpg

2020.eko uztailak 28

  • 2020-2021 ikasturtean, 381 euskal ikertzailek izango dute Doktorego aurreko kontratua deialdi honi esker; horietatik 279 egun indarrean diren kontratu berritzeak izango dira, eta 102 berriz laguntza berriak

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2020-2021 ikasturtean Doktoratu aurreko Programan laguntza berriak deitu eta lehendik zeudenak berritzen dituen Agindua, doktore ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzara zuzenduak.

8.700.864 euroko diru-kopuru globala duen deialdi honek, ikertzaileen prestakuntza sustatu nahi du, Doktore titulua lortu ahal izan dezaten, eta kalitatezko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratu ditzaten, Doktoretza Programa baten barruan. Deialdiak bere barne hartzen du bai beka berriak ematea, eta baita aurreragoko deialdietan emanikoak berritzea ere. Zehazki, kopuru horretatik 2.149.000 euro laguntza berriak emateko bideratuko dira, eta gainerako 6.551.864 euroak lehendik indarrean zeudenak berritzeko, era honetan banaturik:

Lerroak:

Total

Laguntza berriak (ikerketa orokorrean)

2.104.200 €

Laguntza-berritzeak (kerketa orokorrean)

6.529.584 €

Laguntza berriak (berariazko ikerketan)

44.800 €

Laguntza-berritzeak (berariazko ikerketan)

22.280 €

Total

8.700.864 €

Doktoratu aurreko kontratuak

Laguntza hauen onuradun izango dira, unibertsitate lizentziatura edo gradu bat izanik tesi-proiektua egingo duten pertsona fisikoak, betiere egoitza EAEn dutenak. Laguntza horiek doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte, urtebeteko iraupenarekin. Kontratu hori bere ikerketa garatuko duen aplikazio-zentroarekin izenpetuko du ikertzaileak. Kontratuaren xedea izango da proiektu zehatz eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean. Kontratua beste hiru alditan ere luzatu ahal izango da (gehienez 48 hilabete elkarren segidakoak), laguntza berrituz gero.

Laguntza hauek jasotzeko aplikazio-zentroak, eta beraz, ikertzaileekin kontratuak sinatuko dituztenak, unibertsitate edo ikerketa erakundeak izango dira, publiko zein pribatuak, I+G-an ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak. Zentro hauek izan dezakete egoitza EAEn (A modalitatea), Estatuan (B modalitatea), edo atzerrian (I modalitatea). Hirugarren modalitate honen kasuan, ikertzaile onuradunak Zientziaren Euskal Fundazioarekin, Ikerbasquerekin, sinatuko du kontratua. Kontratu horretan osagarri bat ere ezartzen da atzerriko zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean.

Neutronika eta partikulen azelerazioa

Datorren 2020-2021 ikasturterako deialdi honetan eutsi egiten zaio –eta irmotu egiten da- neutronika eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko apustuan iaz irekitako lerro berriari. Ikerketa arlo hau interes berezikoa da egun Europako Batasunean eta bereziki Euskadin, balio estrategiko handia baitu EAEko zientzia, teknologia nahiz industriaren etorkizunerako. Gainera, Euskadiko I+G+b garatzeko ere abagunea eskaintzen du. Gure erkidegoko zientzia-komunitatea arlo honetan sendotzea eta areagotzea lehentasunezko helburua da, Europako Batasunak ESS Lund espalaziozko neutroi iturriaren inguruan ezarri dituen helburu zientifikoak indartzeko.

Bestalde, ikerketa orokorrari dagokion ohiko lerroan, ezagutza arlo hauetako ikerlanek dute lekua: Oinarrizko Zientziak; Bizitza eta Osasun Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; Gizarte Zientziak eta Humanitateak.

381 ikertzaile onuradun

2019-2020 ikasturte honetan, 381 euskal ikertzaile izan dira doktoratu aurreko laguntza hauen onuradun, iazko deialdiari esker: 102 ikertzaile, onuradun berriak izan dira (horietako bat neutronika eta partikulen azelerazioaren berariazko lerroan), eta gainerako 279 ikertzaileek laguntza berritu egin dute.

Doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Planean (2019-2022koan) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Halaber, zientzia eta teknologia gaietan lekukoa hartuko duen belaunaldi berriaren prestakuntza sustatzea ere bada programaren xedea.