500.000 pertsona inguruk txertoa jarri dute, dagoeneko, Euskadin, gripea prebenitzeko, iaz baino %50 gehiagok

2020.eko azaroak 23

Kanpaina gutxienez 3 astez egongo da irekita, eta txertoa lortzeko beharrezkoa da osasun-zentroarekin harremanetan jartzea telefonoz

Osasun Sailak gogorarazten du “txertoa dela osasunean konplikazioak eragin ditzakeen gaixotasun horri aurre egiteko dagoen prebentzio-neurri onena”, eta txertoa jartzea, aurten, bereziki garrantzitsua dela

 

Gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren lehen 5 asteetan guztira 495.156 dosi eman dira, hau da, arrisku-taldeen, osasun-langileen eta Euskadi osoko biztanleriaren artean. Datu horrek esan nahi du aurreko kanpainan baino % 50 gehiago txertatu dela.

Kanpaina honen helburua da gripearen aurrean zaurgarrienak diren pertsonen osasuna zaintzea, bai eta osasun kolektiboa ere, bereziki Coviden transmisio handiko une honetan, eta horrek osasunean duen arrisku erantsia zaintzea. Gripearen aurkako prebentzio neurririk onena txertoa da. Txertoa nahi duten pertsonek telefonoz jarri behar dute harremanetan osasun-zentroarekin, kanpaina gutxienez 3 astez egongo baita irekita.

 

EMANDAKO DOSIAK

Guztira emandako txertoetatik, 479.014 Osakidetzak kudeatu ditu; gainerakoak Osalanen bidez utzi zaizkie prebentzio-zerbitzuei.

Orain arte, 357.841 pertsonak jaso dute gripearen txertoa, 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoak dituztenek eta haurdun dauden emakumeek. Arrisku-kolektiboko kide ez ziren 92.592 pertsonak jaso dute dosia. Bestalde, Osakidetzako langileen erdiek baino gehiagok txertoa hartu dute (20.848), eta Euskal Osasun Zerbitzutik kanpoko 8.033 osasun-profesionalek ere bai.

 

GIZARTEA KONTZIENTZIATZEA

Gogoratu behar da, koronabirusaren kasuan bezala, gripearen aurkako kanpaina prebentzio- eta higiene-ohitura oinarrizkoak sartzearen garrantziaz kontzientziatzen jarraitzeko beste aukera bat dela, hala nola eskuak maiz garbitzea, maskara erabiltzea eta urruntze soziala.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 23a