40 ikaslek parte hartuko dute, gaurtik aurrera, EHUk eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hizkuntza-praktikei buruz bultzatutako master berrian

Masterra_irudi.jpg

2020.eko irailak 25

  • Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Miren Azkarate EHUko Euskara Institutuko zuzendariak parte hartuko dute aurkezpenean, gaur arratsaldean, EHUko Eibarko Ingeniaritza Eskolan.

 

Gasteiz, 2020/09/24       

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako hizkuntza-praktiken inguruko master berria gaur abiatuko da, Eibarren. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Miren Azkarate EHUko Euskara Institutuko zuzendariak 'Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean' masterra aurkeztuko dute arratsaldean, UPV/EHUko Eibarreko Ingeniaritza Eskolan. Guztira, 40 ikaslek parte hartuko dute graduondoko honetan, 32k masterraren lau moduluetan eta 8k bakar batean.

Master hau UPV/EHUko Euskara Institutuaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren arteko lankidetzari esker bultzatu da, eta bi urteko iraupena izango du. UPV/EHUko Euskara Institutuaren lanari esker sortu da masterra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuta. Masterrak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, euskararen esparruan lanean eta ikerketan sakondu nahiko lukeen ikasleak prestatzea; bestetik, euskarari lotutako esparruetan dabiltzan profesionalentzako formazio osagarria ere izatea. Masterrak formatu erdi-presentziala izango du: ostiral arratsalde eta larunbat goizetan izango dira eskolak, bi asterik behin, Eibarko EHUko Ingeniaritza Eskolan. Ikasleek aukeratutako eremuan praktikak egiteko aukera ere izango dute.

Masterrari esker, ikasleek honako gaitasun hauek bereganatuko dituzte: hizkuntzak biziberritzeko giltzarri diren faktoreez jabetuko dira; hizkuntza-planifikazio eta ebaluaziorako dauden tresnak erabiltzen ikasiko dute; euskararen kudeaketa, kudeaketa aurreratuan txertatzen ikasiko dute; eremu ez-formalean euskararen sustapenerako eraginkorrak diren estrategia eta esperientziak ezagutuko dituzte; enpresetako euskara planak diseinatzen ikasiko dute; bigarren hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodologiak ezagutuko dituzte.

Hala, herri-administrazioetan, arlo sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen ikas-irakaskuntzan euskara sustatzeko egin den bideaz eta, batez ere, azken urte hauetako berrikuntzez jabetzeko aukera izango dute ikasleek. Bikain, INDEUS, EUSLAN, Bizkeus, Eusgara edo Lanabes egitasmoak, Erreferentzia Marko Estandarra (EME) edo Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma (HEOC) ekimenak aztertu eta lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute.

Unibertsitateetako irakasleez gain, arlo bakoitzeko adituak izango dituzte irakasle. Ikasleek 3 ECTSeko praktikak egiteko aukera izango dute, herri-administrazioetan, eremu sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen euskalduntzean.

‘Euskararen Jabekuntza, Kudeaketa eta Hizkuntza-praktikak XXI. mendean’ berezko masterra, lau aditu-tituluren batura da. Bi urteak honela banatuko dira (60 ECTS + Master amaierako Lana 12 ECTS):

  1. Euskararen kudeaketa eta hizkuntza-praktikak erakunde publikoetan Aditu Titulua (15 ECTS)

2020/21 ikasturtea: irailetik abendura.

Irakasgaiak:

  • Soziolinguistikari eta Hizkuntza Politikari buruzko oinarriak. 3 ECTS (Miren Azkarate, EHU).
  • Erakunde publikoetako hizkuntza-kudeaketarako marko juridikoa. 3 ECTS (Iñigo Urrutia eta Maite Zelaia, EHU).
  • Euskararen bilakaera EAEn, Nafarroan eta Iparralden. 3 ECTS (Olatz Altuna, Soziolinguistika Klusterra; Jon Aizpurua, HPS).
  • Euskararen erabilera sustatzeko plangintzak eta ebaluazioa. 3 ECTS (Miren Azkarate, Juanjo Allur, SIADECO; Joxean Amundarain Gipuzkoako Foru Aldundia).
  • Hizkuntzaren kudeaketa aurreratua Erakunde Publikoetan: 3 ECTS (Natxo Mosteiro, HPS).
  1. Euskararen hizkuntza-praktikak eremu ez-formaletan Aditu Titulua (15 ECTS)

2020/21 ikasturtea: urtarriletik martxora/apirilera.

Irakasgaiak:

  • Eremu ez-formala definitzen. 3 ECTS (Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna, EHU)
  • Erabileraren aktibazioa. 3 ECTS (Pello Jauregi, EHU).
  • Eremu ez-formalaren garrantzia haur, nerabe eta gazteengan. 3 ECTS (June Rivas, Aritz Bereziartua, Unai Arellano, Euskal Herriko Ikastolak, aisialdiko Aisiola eskola).
  • Kultur sorkuntza eta kultur kontsumo ohiturak. 3 ECTS (Xabi Paya, Getxoko Udala).
  • Eremu ez-formaleko elkarteen kudeaketa. 3 ECTS (June Rivas, Aritz Bereziartua, Unai Arellano, Euskal Herriko Ikastolak, aisialdiko Aisiola eskola).
  1. Hizkuntza-kudeaketa eta hizkuntza-praktikak eremu sozioekonomikoan Aditu Titulua (15 ECTS)

2020/21 ikasturtea: apiriletik ekainera.

Irakasgaiak:

  • Eremu sozioekonomikoaren ezaugarriak hizkuntza-kudeaketaren ikuspegitik. 3 ECTS (Sara Urionabarrenetxea eta Imanol Basterretxea EHU; Juanjo Allur, SIADECO).
  • Eremu sozioekonomikoaren garrantzia hizkuntza-biziberritze ahaleginetan. 3 ECTS (Inazio Marko EHU, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitatea, Karmelo Aiesta ERATUZ kooperatiba elkartea).
  • Erakunde publiko eta pribatuen ekimenak arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko. 4,5 ECTS (Edurne Perez de San Roman eta Sonia Isasi, HPS; Jasone Aretxabaleta, INDEUS-SPRI; Anaje Narbaiz, EUSLAN; Hitzaldiak: BIZKEUS, EUSGARA, LANABES).
  • Euskara planak enpresetan. 4,5 ECTS (Auxkin Galarragara, EHU; Mikel Urdangarin, AEK; Leire Solozabal, ARTEZ; Maddi Etxebarria, ELHUYAR; Elias Zumalde, EMUN).
  1. Hizkuntzaren jabekuntza helduaroan Aditu Titulua (15 ECTS)

2021/22 ikasturtea: irailetik abendura.

Irakasgaiak:

  • Bigarren hizkuntzak helduaroan: jabekuntza prozesuak eta irakaskuntzaren oinarri zientifikoak. 4 ECTS (Mikel Santesteban eta Kepa Erdozia, EHU: Jon Andoni Duñabeitia, Nebrija Unibertsitatea; Borja Ariztimuño, HABE).
  • Helduen euskalduntzearen curriculuma, ebaluazioa eta egiaztatzegintza. 5 ECTS (Alex Mungia eta Mikel Hoyos, HABE).
  • Helduen irakaskuntzarako metodologia eta didaktika. 3 ECTS (Eskarne Lopetegi eta Itziar Larzabal, HABE).
  • Helduen euskara-irakaskuntzaren antolamendu administratiboa. 3 ECTS (Dorleta Ugalde, HABE; Garbiñe Iztueta eta Kinku Zinkunegi, Etxepare Institutua).