36,1 milioi euro hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen unitateak sortzeko, itunpeko ikastetxeetan (Gobernu Bilera 2020-06-09)

fotoconsejo.jpg

2020.eko ekainak 09

  • 2019-2020 ikasturtean, 623 profesional arduratu dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleez itunpeko ikastetxeetan, deialdi honen bidez

Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 2020-2021 ikasturterako hezkuntza berezirako unitateak zehaztu ditzaten itunpeko ikastetxeei dei egiten dien Agindua.

36.131.233,87 euroko kopuru osoa duen deialdi hau, Euskadin Lehen Hezkuntza edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzeko baimenduta dauden itunpeko ikastetxeei zuzendua da, datorren ikasturterako ituntzeko unitateak zehaztu ditzaten, honako atal hauetan: Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian; berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuetan; eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta erren­dimendua hobetzeko programetan.

623 profesional

Deialdi honen bidez, itunpeko ikastetxeetan Lehen Hezkuntzan eta DBHn ari diren eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezko diren profesionalak finantzatzen ditu Hezkuntza Sailak.

2019-2020 ikasturtean, 491 gela itundu dira orotara hezkuntza berezi irekian: 273 gela ireki Lehen Hezkuntzan, eta beste 218 gela ireki Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Unitate horietan, orotara, Pedagogia Terapeutikoko 491 irakasleren lana finantzatu du Hezkuntza Sailak.

Era berean, berariazko hezkuntza-errefortzuko 73 proiektu, eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko 59 programa ere itundu dira ikasturte honetan, guztiak ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Programa hauetarako hezkuntzako 132 profesional aritu dira lanean, hauek ere deialdi honen bidez finantzatuak.

Hezkuntza berezi irekia: Lehen Hezkuntzan zein DBHn, hezkuntza premia bereziak dituen ikaslea bere ohiko ikasgelan egon ohi da, ingurune normalizatu eta inklusiboan, eta ingurune horretan jasotzen du Pedagogia Terapeutikoko irakasleen laguntza. Horrela ulertu behar da “irekia” kontzeptua. Batez ere, desgaitasunen batetik edo jokabide-nahasketetatik eratorririko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak izan ohi dira, ikasteko zailtasunak dituztenak, hezkuntza-sisteman berandu sartu direnak, edo arreta-gabeziagatik nahasmendua dutenak, besteak beste. Heltze-atzerapenarekin lotutako hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak ere sartzen dira atal honetan.

Berariazko hezkuntza-errefortzuko programek errefortzu-irakaslez hornitzen dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroak, ikasle guztien osoko prestakuntzan eragingo duten hezkuntza-jardunbideak antolatzeko aukera izan dezaten. Bereziki, gizarte-egoera kaltetuekin lotuta beren curriculum-erreferentziarekiko atzerapena agertzen duten edota eskola-girora egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleei zuzentzen zaie programa. Hau da, DBHko lehenengo eta bigarren mailakoak izanik, Lehen Hezkuntzako curriculum-erreferentzia agertzen duten ikasleei zuzentzen zaie. Programa honen baitan, ikasleek ikasgela arruntean ikasiko dute, beren ikaskideen irakaste-ordutegi berean.

Bestalde, Curriculum Aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, aurrekoetan ez bezala, berariazko taldeak sortzen dira ikastetxeetan. DBHko hirugarren nahiz laugarren mailako ikasleei zuzentzen zaizkie, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzera bideratzen dira. Hain zuzen, DBHn matrikulatutako ikasle guztiek titulua lortzea bilatzen du; hartara, ikasketekin modu normalduan jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, 8-15 ikasle arteko taldeak eratzen dira institutuetan, eta curriculum-arloen bitartez irakasten dira ikasgaiak talde horietan: batetik, hizkuntzen eta gizartearen arloa; bestetik, zientzia eta teknologiarena. Arlo bakoitzean, erreferentziako irakasle bat ezartzen da eta hark antolatzen ditu esparru horretako ikasgaiak, modu globalagoan antolatu ere, arloko ikuspegi batetik. Hala, ikasleek bizitzan aurrera egiteko beharrezko gaitasunak bereganatuko dituzte arlo bakoitzean, eta ez dute horrenbeste jardungo ikasgaien eduki oso espezifikoei lotutakoetan.