240.643 pertsonak, guztira, txertoa jarri dute, dagoeneko, Euskadin, gripea prebenitzeko; iaz baino % 55 gehiagok

2020.eko urriak 29

Kanpainak zabalik jarraitzen du, eta Osasun Sailak gogorarazten du “txertoa dela osasunean konplikazioak eragin ditzakeen gaixotasun horri aurre egiteko dagoen prebentzio-neurri onena”

Oraindik hitzordurik jaso ez duen eta txertoa jarri nahi duen arriskuko populazioak -65 urte baino gehiagokoak, haurdun dauden emakumeak edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak- dagokion osasun-zentrora deitu behar du, eguna eta ordua eman diezaioten

SOS Deiak app-ak entzuteko edo hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonei txertoa jartzeko hitzordua eskatzeko aukera eskaintzen die

 

Guztira, arrisku-taldeetako 240.643 pertsonak txertoa jarri dute, gripea prebenitzeko, kanpaina abiarazi zenetik.
Gogoratu behar da txertaketa urriaren 13an hasi zela, eta urriaren 5ean egoitzetako erabiltzaileen eta profesional sanitario eta soziosanitarioen artean.Osasun Sailak gogorarazten du kanpainak zabalik jarraitzen duela; beraz, arrisku-populazioa babestera animatzen du, hau da, 65 urte baino gehiagokoak, haurdun dauden emakumeak eta gaixotasun kronikoa dutenak. Kanpaina horren helburua da gripearen aurrean kalteberenak diren pertsonen banako osasuna babestea, bai eta osasun kolektiboa ere, bereziki Covid-aren transmisio handiko une honetan eta osasunerako dakarren arriskua aintzat hartuta. Txertoak jarraitzen du gripearen aurkako prebentzio-neurri onena izaten.

Aurten nobedadea da Osakidetza zuzenean jarri dela arrisku-populazioarekin harremanetan, aurretiko hitzordua eskaintzeko. Kanpaina hasi zenetik igaro diren lehen bi asteetan, txertoa jarri duen pertsona-kopurua % 55,13 areagotu da, aurreko urteko aldi baliokidearen aldean. Arrisku-populaziokoa izanik ere oraindik jakinarazpena jaso ez dutenek dagokien osasun-zentrora deitu behar dute, txertoa jartzeko hitzordua emateko.

Halaber, arrisku-populazioa ez izanik ere txertoa jarri nahi duten gainerako herritarrek ere telefonoz deitu beharko dute. Baina, kasu horretan, azaroaren 2tik aurrera egin beharko dute; izan ere, lehentasunak jarraitzen du izaten arrisku-kolektiboek txertoa jartzea.

Gogoratu behar da aurten, profesionalen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, txertaketa-puntuak jarri direla Osakidetzako zentroen saretik kanpo. Ildo horretan, Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-profesionalen eta EAEko udalen lankidetza eskertu nahi dute.

 

PROFESIONALENTZAKO TXERTAKETA

Era berean, Osasun Sailak positibotzat jo du Osakidetzako profesionalek gripearen aurka babes daitezen egin den deiari eman dioten erantzuna.

 Gogorarazi behar da kolektibo horren txertaketa astebete lehenago hasi zela: urriaren 5ean. Harrezkero, guztira 15.912 dosi eman dira (240.643 dosien barne).

 

ENTZUTEKO DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK

Nobedade gisa, Osasun Sailak eta Segurtasun Sailak sustatu duten ekimen bati esker, entzuteko desgaitasuna duten pertsonek SOS Deiak app-aren bidez eskatu ahalko dute hitzordua gripearen aurkako txertoa jartzeko, arin eta eraginkortasunez. Zehazki, app-ak dagoeneko badu kolektibo horri bakarrik zuzendutako atala; atal hori txat batean oinarritzen da, zeina zuzenean ikusarazten baita Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko eragiketa-pantailetan.

Eskaera egiteko, entzumen-galera duten erabiltzaileek horretarako app-ean gaitutako txatean honako hau idatzi beharko dute: “Hitzordua eskatu nahi dut gripearen aurkako txertoa jartzeko”, eta beren izen-abizenak eta NAN zenbakia idatzi beharko dituzte. Osakidetzako Larrialdietako Osasun Kontseiluak kudeatuko du eskatutako hitzordua, eta interesdunari egunaren, orduaren eta lekuaren berri emango dio.

 

GIZARTEA KONTZIENTZIATZEA

 Gripearen aurkako 2020/2021eko txertaketa-kanpainaren lema honako hau da: “Aurten, inoiz baino gehiago, aldendu gripetik!”.   

            Nahiz eta gripea, hasiera batean behintzat, gaixotasun onbera izan, arrisku-talde batzuetan konplikazioak eragin ditzake. Aurreko denboraldian, gripearen intzidentzia altuena 65 urtetik gorako taldean izan zen. Iaz, 1.304 ospitalizazio erregistratu ziren gripe egiaztatuarekin; haietatik, 333 kasu larriak izan ziren, eta 45 hildako egon ziren gaixotasun horren ondorioz.

            Gogorarazi behar da, koronabirusaren kasuan bezala, gripearen aurkako kanpaina aukera bat dela prebentzioko eta higieneko oinarrizko ohiturak hartzeak duen garrantziaz kontzientziatzen jarraitzeko. Ohitura horietako batzuk, besteak beste, honako hauek dira: eskuak sarri garbitzea, maskara erabiltzea eta urruntze soziala gordetzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 29a