23 pertsona hil dira Euskadin, koronabirusak eragindako kutsatuen kopurua 2.421ra iritsi den egunean

2020.eko martxoak 23

Gasteizen ezarritako lehen mailako arretaren zonakatze-sistema Barrualde-Galdakao ESIra zabaldu da gaurtik, eta aste honetan Bizkaiko gainerako ESIen eta Gipuzkoan ezarriko da, asistentzia zentro espezifikoetan zentratzeko eta herritarren segurtasuna indartzeko

 

Atzoko 20:00ak arte, COVID-19ko beste 324 positibo jaso dira Euskadin, hau da, 2.421 pertsona kutsatu dira guztira. Hildakoak 120 dira atzo izandako 23 heriotzen ondoren.

Hala jakinarazi du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, koronabirusak Euskadin izan duen bilakaera epidemiologikoaren berri emateko Eusko Jaurlaritzak egunero egiten duen agerraldian.

Agerraldian jakinarazi duenez, Gasteizen ezarritako lehen mailako arretaren zonakatze-sistema Bizkaiko Barrualde-Galdakao ESIra zabaldu da. Bertan, arnas sintomak dituzten pertsonak artatzeko erreferentziazko osasun-zentroak bederatzi dira: Basauri-Ariz, Galdakao, Amorebieta, Durango, Gernikako Ospitalea, Lekeitio, Ondarroa, Amurrio eta Laudio. Aste honetan bertan iritsiko da Bizkaiko gainerako eskualdeetara eta Gipuzkoa osora ere.

Antolaketaren berregituraketa hori Gasteizen aplikatzen ari da (Zabalgana, Salburua eta Lakuabizkarra erreferentzia-zentroekin). Horri esker, alde batetik, arnas sintomak dituzten pertsonentzako arreta zentralizatu daiteke koadro horiek artatzeko berariaz prestatutako zentroetan, eta, bestetik, biztanleei segurtasun handiagoa eman dakieke, zirkuitu zehatzak ezartzen baitira arnas sintomak dituztenek gainerakoak kutsa ez ditzaten.

Osasuneko sailburuak, gainera, izurritearen bilakaerak eragindako beste asistentzia-aldaketa batzuen berri eman du:

-Alde batetik, Basurtuko pediatriako larrialdiak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eramatea, hain zuzen ere arreta-zirkuitu espezifiko horien bidez pediatriako pazienteen espazioak gaitzeko eta, aldi berean, haien segurtasuna zaintzeko. Bilbo-Basurtu ESIak haurrak artatzen jarraituko du osasun-zentroetan eta etengabeko arretarako guneetan

-Bestalde, bihartik aurrera, DONOSTIALDEA ESIko Onkologia Medikoko eguneko ospitalea eta kanpo-kontsulten zerbitzua ONKOLOGIKORA lekualdatuko dira. Donostialdea ESIan erreferentziazko medikuak dituzten pazienteak profesional berak artatzen jarraituko du ONKOLOGIKOKO 2. solairuko kontsultetan. Eguneko ospitalea ere ONKOLOGIKOKO 2. solairura lekualdatuko da. ONKOLOGIKOAN erreferentziazko medikuekin arreta jaso ohi dutenek mediku beraren asistentzia jasotzen jarraituko dute ONKOLOGIKOKO 1. solairuan eta ohiko eguneko ospitalean.

 

 DATU EGUNERATUAK

Sailburuak emandako datuen arabera, guztira 2.421 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta Euskadin, atzoko 20:00ak arte 324 positibo zenbatu ondoren. Horietatik 1.005 bertan ospitalizatuta daude.

Era berean, atzo baino 23 hildako gehiago izan dira. Hortaz, 120 pertsona hil dira.

Lurraldeka:

BIZKAIAN, 1.032 lagun kutsatu dira, eta horietatik 541 ospitalizatuta daude.

GIPUZKOAN, positiboak 380 dira (horietatik 136 ospitalizatuta daude).

ARABAN, 1.009 kutsatu daude, eta horietatik 328 ospitalizatuta daude.

Gaur arte, Euskadin 7.047 detekzio-proba egin dira, eta, atzo soilik, 862 egin ziren.  

 

Martxoaren 23ko eguneratzea

Kasu positibo berriak

Pertsona ospitalizatuak

Hildako pertsonak

Kasu positiboak GUZTIRA

ARABA

97

328

70

1009

BIZKAIA

172

541

35

1032

GIPUZKOA

55

136

15

380

EUSKADI GUZTIRA

324

1005

120

2421

     

Informazio gehiago datuen buletinean: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/22_marzo_Boletin.pdf

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 23a