200 gazte inguruk eman dute izena Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) entzunaldi "birtuale-tan"

Entzunaldiak.jpg

2020.eko maiatzak 11

16 eta 27 urte bitarteko 193 gaztek eman dute izena Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) 24 titular postuak betetzeko. Izen-ematea mugarria izan da proiektu kultural estrategikoarentzat, zeina 1997an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatuta sortu zenetik, BBK, KUTXA eta VITAL Fundazioen babesa jaso duen.

Hasiera batean, entzunaldiak aurrez aurre ziren gauzatzekoak, lehen aldiz, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian (Musikene), apirilaren 14aren eta 19aren artean. COVID19ak eragindako osasun krisia dela eta, EGO baldintza berrietara egokitu da, hasieran aurreikusitakoa aldatuz. Teknologia berrien bidez gauzatu dituzte hala entzunaldiok.

Eskatutako errepertorioa prestatu, bideoan grabatu eta bidali behar izan dute gazteek, egungo egoerara moldatzeko gaitasun handia eta malgutasuna erakutsiz.

EGOren aro berri honetan, hainbat izan dira entzunaldietako epaimahaia osatu dutenak: bi euskal erakunde sinfonikoetako bakarlariak (BOS eta EOS), baita estatuko zein nazioarteko orkestra eta erakunde garrantzitsuetako hainbat kide ere (London Symphony Orchestra, Vienako Orkestra Filarmonikoa, Suisse Romande, Espainiako Orkestra Nazionala, Reina Sofia Musika Eskola, Gran Teatre del Liceuko Orkestra, eta abar).

Epaimahaikide guztiek egin dute entzunaldien balorazio positiboa, hautagai gazteek erakutsitako mailagatik, oro har, baita bideoek entzunaldiak behin baino gehiagotan aztertzeko aukera eman dietelako ere (zuzeneko entzunaldietan ez bezala), nahiz, une batzuetan zailtasunak izan dituzten, gehienbat proiektatutako soinuaren kalitatea hautemateko.

 

Entzunaldietako datu aipagarri batzuk

Aurkeztu diren hautagaien %60 EAE eta Nafarroatik datoz.

Gazteetatik 24 hautatu dira Titular izan daitezen, eta 43 Ordezko izan daitezen. Musikenek egin du ekarpen handiena aurkeztu diren eta hautatu diren musikariei dagokienez, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin eta Aragoikoarekin batera.

Aipagarria da, era berean, beren ikasketak nazioarteko ikastegi garrantzitsuetan gauzatzen ari diren euskal gazteen parte-hartzea. Salzburgoko Universitat Mozarteum, Anberesko Errege Kontserbatorioa, Londresko Guildhall eta Royal Music School, Kataluiniako ESMUC eta Liceuko Goi-Mailako Kontserbatorioa dira, besteak beste, musikari horien ikastegiak.

Generoari dagokionez, %53 izan dira gizonezkoak eta %47 emakumezkoak, 21 urtekoa izan delarik adinaren batazbestekoa.

Entzunaldiak bukatuta, eta uda honetako topaketa nahiz jardueren antolaketari dagokionez, EGOren talde kudeatzaileak egungo egoera ezohikoari erantzuteko bideak bilatzen dihardu, orkestraren egitekoa gauzatu ahal izateko eta EGO den proiektu zirraragarri honen helburuak betetzeko.