200.000 euro kongresuak eta zientzia bilerak egiteko laguntzatan (Gobernu Bilera 2020-07-21)

fotoconsejo.jpg

2020.eko uztailak 21

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera presentzialak antolatzeko dirulaguntzak ematen dituen agindua. Kongresu eta bilera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan burutu beharko dira, 2020ko bigarren seihilekoan. Deialdi honek 200.000 euroko diru-kopurua du.  

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, haien kategoria edozein dela ere.

Diru-laguntza hauek, honako gastu arrunt hauek ordaintzeko erabili beharko dituzte: kongresu edo bileraren antolamendua eta zabalkunde gastuak, hizlari gonbidatuen parte-hartze gastuak, edo kongresuen kasuan, ekarpen zientifikorik onenari eman ohi zaion saria, beste hainbat gasturen artean. Jardunaldiok 2020ko uztailaren 1a eta abenduaren 31 artean burutu beharko dira.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola irakaskuntzako eta ikaskuntzako trebakuntzarako prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak edo mintegiak, besteak beste.

Biltzar eta bilera zientifikoen eremu horretan eragin handia izan du COVID-19 pandemiak, eta formatu berriak sartu dira, unibertsitateek eta ikerketa-zentroek egiten duten ikerketaren emaitzak zabaltzeko. Horregatik, salbuespen gisa, laguntzen deialdi honek aukera ematen du kongresu eta bilera zientifikoak modu birtualean edo on-line finantzatzeko.