2,1 milio euro lanbide heziketako eremu estrategikoetan jarduera-ildoak garatzeko (Gobernu Bilera 2020-06-09)

fotoconsejo.jpg

2020.eko ekainak 09

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren barruan estrategikotzat hartzen diren eremuetan jarduera-ildoak garatzeko diru-laguntzak ematen dituen agindua. Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei zuzenduta daude diru-laguntza hauek.

2.142.350 euroko zenbateko globalarekin, deialdi honen helburua da gorago aipaturiko jarduera-ildoak aurrera eraman ahal izateko itunpeko ikastetxeetako irakasleen erabateko liberazioa edo liberazio partziala finantziatzea.

Hurrengo ikasturterako deialdi honen xede diren jarduerak, eta beraz, liberatutako irakasleek parte hartuko dutenak, eremu estrategiko hauetan multzokatzen dira:

  • Berrikuntza aplikatua
  • 4.0 testuinguruko ikaskuntza
  • Elkarlaneko adimena eta malgutasun eraldatzailea
  • Berrikuntza teknologikoa eta sistema adimendunak
  • Biozientziak eta garapen jasangarria
  • Egitura organiko espezializatuak

Diru-laguntza horiek eskatzeko aukera izango dute 2020-2021 ikasturtean Erdi edo Goi-mailako heziketa-zikloak itunduta dituzten Euskadiko ikastetxe pribatuek, baldin eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako jardueretan parte hartzen badute.

Lanbide Heziketako V. Euskal Plana

Lanbide Heziketako V. Euskal Planak, Lanbide Heziketako euskal sistema eraldatzeko prozesuan gidari izan behar duen tresna den aldetik, gorago aipaturiko eremu estrategikoetan integratzen diren lehentasunezko helburu eta jarduera-ildo batzuk ezartzen ditu.

Beraz, deialdi honen helburua da itunpeko ikastetxeek ere, publikoek egiten duten eran eta euren irakasleen bitartez, profesional hauen prestakuntza sendotzen duten jarduera eta proiektuetan parte hartzea, prestakuntza horren xedea izanik ikaskuntza-ingurune gero eta espezializatuagora egokitutako gaitasunak eta metodoak garatzea Lanbide Heziketako ikastetxeetan; inguruneko enpresei eman beharreko laguntzan (Enpresa Txiki eta Ertainei, bereziki) Lanbide Heziketako ikastetxeen parte hartzea sustatzea, enpresa horiei eskaintzen zaien estaldura hedatuz, era horretan; edo Lanbide Heziketatik erantzun sistematiko bat ematea behar teknologikoen aniztasunari.

Egungo testuinguru globalizatuak, eta horrek eskatzen duen gero eta lehiakortasun handiagoak, lanbide-profil berri bat eskatzen du; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, baita oinarrizko eta zeharkako gaitasunena ere: ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, talde-lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna, besteak beste.

Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izaten jarraitu beharra dauka profil profesional berri horiek garatzeko, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa, eta ondorioz enplegurako gaikuntza, hobetzen lan eginez.