Dani Martirena: "Oroitzapen txikietan dago memoria handiaren oinarria"
- DataAbenduak 28
- Gaia Literatura, Ondarea, Bestelakoak
Ana Ibañez ilustratzaileak eta Dani Martirena idazleak elkarlanean sortutako laugarren haurrentzako bilduma plazaratu berri dute, 'Amonarenean kea'.
Haurtzaroaren gozotasuna, amonaren etxeko epeltasuna, oroimena eta memoria uztartzen dira Liburu Iletsuak zigilupean autoekoiztutako Ana Ibañez ilustratzailearen eta Dani Martirena kazetari eta idazlearen lan berrian. Ale bat ere gehitu nahi izan diote bildumari, izan ere, helduei zuzendu eta irakurketa partekatu baterako parada eskaintzen duen bigarren kontakizun bat gehitu dute akaberan, 36ko gerrako samina gogora ekartzen duen errelatoa.
Ana Ibañez ilustratzailearekin batera plazaratzen duzun laugarren liburua duzu Amonarenean kea. Kasu honetan, oroimena hartu duzue hizpide.
–Bai, oroitzapenak gehienbat. Irudi-tzen zitzaigun oroitzapenen edo oroimenen gaia ez dela sobera landu haur literaturan, badagoela hutsune hori. Aspalditik genbilen oroimenaren inguruko liburutto bat egiteko gogotan: orain dela bi urte, Anak Marrazioak izeneko ekimen batean parte hartu zuen, non oroitzapenak eta gastronomia uztartzen ziren. Handik ekarri zuen ideia, baita zirriborroak ere, igandero bere amatxiren bueltan elkartzen zirenekoak.
Amona dago kontakizunaren erdigunean, memoriaren transmisioaren figura nagusi bezala akaso?
–Bai, amonaren irudia, sukaldea bere ere€ Etxe guztietako bihotza izan daiteke sukaldea, etxe guztietan badago plater jakin bat modu zehatz batean prestatzeko ohitura. Hori ere aditzera eman nahi genuen, etxe guztietan badagoela sukalde bat, sukaldean zapore bat, sukaldetik lurrin bat, etxeko tximiniatik kanpora egiten duen ke berezi bat.
Hortik izenburua, Amonarenean kea.
–Bai. Hasiera batean, liburuaren izenburua Amonaren sekretua izan behar zen. Borobilagoa agian, baina hain borobila hamaika liburu daudela izenburu horrekin. Horrexegatik jo genuen bigarren honetara. Kearen irudia ere iruditzen zitzaigun nahiko hauskorra, kea ere hauskorra denez. Borobilagoa dirudi, orain, bigarren honek.


