Musikari: "Lehenagotik bagenituen arazoak eskuen artean lehertu zaizkigu"
- DataAbenduak 16
- Gaia Musika
Musikari elkarteak zuzendaritza berria du, eta bertako hiru kiderekin hitz egin dugu, musikarien egoeraz eta berorien defentsarako elkarteko ordezkarien kezkez eta erronkez gehiago jakiteko.
Pandemiak bazter guztiak astindu ditu, denean izan du eragina, jakina denez. Baina, noski, denak ez gara berdinak oinazearen aurrean (horren aurrean ere ez), eta, azpian zenbat eta zoru egonkorragoa izan, motelagoak izaten dira, noski, astinaldiaren ondorioak.
Bada, musikarien egunerokoak, fokuak itzalitakoan eta zaratotsa isildutakoan, ez zuen oinarri sendorik covid-19aren berri izan aurretik ere. Prekarietatea, utzikeria, behin-behinekotasuna, inertziak, erronka indibidualak jo beharra eta hitzarmenik eza dute lege musikariek agertokietarako bide lokaztuan.
Horren aurrean, zazpi emakume musikarik (Eneritz Dueso, Idoia Hernandez, Lide Hernando, Miren Narbaiza, Izaro Andrés, Olatz Salvador eta Garazi Esnaola) aurrerapausoa eman eta Musikariren, “musikarien lanaren defentsa sustatzea eta beste eragile eta erakundeekin harremanak bultzatzeko elkartearen”, zuzendaritza talde berria osatu dute.
Dueso Musikariko zuzendariarekin, Hernandez idazkariarekin eta Hernando diruzainarekin hitz egin dugu, musikarien egoeraz gehiago jakin guran.
Zer gabezia estruktural igarri zenituzten otsailean, Musikari elkartearen zuzendaritza hartzea erabakitzeko? Zer hobe zitekeela (edo hobetu behar zela) ikusi zenuten?
Eneritz Dueso: Egia da 2020ko otsaila edo martxoa data esanguratsuak direla, musikarien prekarietatea ageri-agerian geratu zelako data horietan, zuzenekoak eta kultur jarduera gehienak bertan behera geratzearekin batera. Bat-batean ohartu ginen une oro entzuten ditugun izen ezagun askoren lan eskubide oinarrizkoenak ere ez direla bermatzen, eta zer esanik ez horren ezagun ez diren horienak, besteak beste.
Guretzat esanguratsuagoak dira, ordea, data horiek batzeko behar diren denbora eta aukera eman zizkigutelako, pantailak tarteko izanda ere. Nolabait, askoz ere lehenagotik bagenituen arazoek leher egin ziguten eskuen artean, eta hortik sortutako haserre zein ezintasunak bideratzeko, baliatzeko beharra sentitu genuen. Musikarik abagune posible bat zirudien horretarako.
Baina, esan bezala, gabeziak eta konpondu beharreko arazoak ez ziren berriak guretzat: alde batetik, esan genezake ez dagoela ezer idatzita gure ofizioari buruz, ez dagoela legerik, eta, askotan, lana legeztatzeko modurik ere ez; ohituretan eta haren eta honen jarduteko moduetan eta ahoz aho zabaldutako horretan oinarritu dela dena. Eta askori interesatu zaion gure arteko lehia antzu batean.
Zer esan nahi duen horrek? Bada, honetan hasten zarenean, inolako informazio fidagarririk gabe, zure intuizioaz eta ondokoen hitzaz fidatu behar zarela. Lehenengo aldiz kontzertu baten katxea kobratuko duzula eta ez dakizula zenbat eskatu? Ez dakizula disko bat grabatu eta kaleratzean zeintzuk diren zure betebehar eta eskubideak? Kolaborazio bat egitean, nola ziurtatu arazorik ez dela sortuko bidean? Zeintzuk diren alegalitatean aritzen denaren, autonomoaren, soldatapekoa izatearen gabezia eta bertuteak? Eta okerrago dena: hau ez dela gertatzen soilik areto pribatuetan edo borondatez lan egiten duen jendeak kudeatutako gune autogestionatuetan. Ez, informazio falta hau, zalantzan jartzeko moduko jokaerak, sustatzen dira askotan gure erakunde publikoek kudeatutako proiektu eta espazioetan; hain zuzen, eredu izan beharko liratekeen horietan.
Zer hobetu daitekeen, beraz? Esan genezake ia dena egiteke dagoela. Zorionez urteetan zehar itzalean ahalegin horretan jardun duen jendeari lekukoa hartu, eta jarraitzea da gure asmoa. Dena dago egiteko, baina zorionez ez gara zerotik hasi behar.
Oinarrizkotik hasita, zer jakin beharko luke plazara bere kasa ateratzekotan den musikari edo talde batek edo bere tabernan kontzertu bat antolatu nahi duenak?
Idoia Hernandez: Musikari batek bere kontzertuagatik kobratu nahiko balu, aukerak ez dira anitzak eta zirkuitu motaren araberakoa da gehienbat. Gaztetxe edota eragile sozial baten bitartez bada, borondatearen edota sarrera txiki baten truke izaten da. Betiere, kobratzen duzuna publiko kantitatearen araberakoa izango da, beraz.
Kasu honetan, merkatuaren menpe gelditzen da zure lanaren balorazioa. Zure musika ezaguna da? Publiko askori gustatzen zaio egiten duzun musika? Kontzertuaren egunean beste ekitaldi bat dago kontzertutik gertu? Antolatzaileek publikoaren lanketa bat egin dute? Eta, noski, kasu hauetan musikariak ez du inolako babesik, ez istripu baten aurrean ezta kotizazioari begira ere.
Beste batzuetan, diru kopuru finko baten truke adostu daiteke kontzertua. Prezio hori antolatzaileak finkatzen du gehienetan; beraz, zuk, musikari bezala, ez duzu negoziatzeko erremintarik. Agian zure izena ezaguna bada, negoziatzeko lagungarri izan daiteke. Baina diru hori kobratu ahal izateko, enpresa sortu edo autonomoa izan behar duzu.


