Erlea Maneros Zabala: «Neure buruarekiko arroztasun bat sortu da nigan»
- DataAbenduak 14
- Gaia Ikusizko arteak
Erlea Maneros Zabalak (Bilbo, 1977) Glasgowko Arte Eskolan egin zituen Arte Ederren ikasketak, eta Kaliforniako Arte Institutuan amaitu zuen masterra. 2003an izan zen hori. Ordutik, haren lanen lekuko izan dira Los Angeles, Mexiko Hiria, New York, San Frantzisko, Paris, Istanbul, Hanburgo, Madril, Bergen, Chicago, Gdansk, Bordele, Valentzia... Baita Bilbo, Gasteiz eta Donostia ere.
Joshua Tree (Kalifornia, AEB) du bizitoki eta lantoki, Mojave basamortuan. «Naturak eraikitako paisaia monumentalak, eguzkiaren gordintasunak eta bertako meteorologiaren izaerak nire egunerokoa moldatzen dute han, ezinbestean. Pandemia gogorarazten ari zaiguna hori bera da: gizakiok naturaren testuinguruan bizi garela, eta ez alderantziz».
Urtarrilean etorri zen Donostiara, San Telmoko Museo Bikoitza programako proiektua definitzen segitzeko urrats gisa. Etxera bueltatu, lana abian jarri, eta hona berriz itzultzea zuen asmoa. Ordutik, itxialdia, Lekeitioko (Bizkaia) itsaslabarrak, piraguaren kulunka, orkatz adarrak eta memoria txatalen berreskurapena gurutzatu zaizkio. Horren akta notariala da Norusta. Proiektuak San Telmo Museoan hartzen duen espazioan hartu du kazetaria artistak.


