Oihane Amantegi: "Dolua edo heriotza gozotik hurbil agertu izana eskertu didate"
- DataAbenduak 6
- Gaia Literatura
“Galdu duguna ere bagara”. Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendariak umetxoa zela hil zen semeari idatziriko eskaintza horrek ixten du Amores perros Guillermo Arriagak idatziriko mexikar filma. Eta sentimendu horrek inguratzen du Ibaiertzeko ipuina (Elkar, 2020), Oihane Amantegik (Zornotza, 1985) idatziriko lehen eleberri-ipuina, nortasun handiko lan harrigarri eta gozagarria.
Amantegik Ochlockonee ibaiaren ertzean, AEBko hego-ekialdean, kokatu du absentzia eta dolua ardatz dituen kontakizuna, garai zehaztugabe batean, eta ukitu onirikoz, haur baten ikuspegiaz, musikaz, mitologiaz eta naturaz blaitu ditu liburuaren 100 orrialdeak, idazteko estilo zuzen, zorrotz, fresko eta iradokitzailean.
Zornotzar idazlearekin solastatu gara.
Zerk piztu zuen “Ibaiertzeko ipuina” idazteko gogoa? Non dago liburuaren iturburua?
Gogoa baino gehiago bazen nolabaiteko sentsazio bat –ez neukana oso identifikatuta–, galeratik gertu zegoena; absentziatik eta minetik zeukan. Sentsazio horiei tiraka agertu ziren heriotza eta dolua gai zentral modura, eta horiekin hasi nintzen liburua formalki planteatzen.


