Harkaitz Cano: 'Carverren poesiak gutxi eskatzen du, baina asko ematen dizu trukean'

  • Harkaitz Cano: 'Carverren poesiak gutxi eskatzen du, baina asko ematen dizu trukean'
eitb.eus

  • DataAbenduak 4
  • Gaia Literatura

Harkaitz Canok Raymond Carver estatubatuar idazlearen poemak bildu eta euskaratu ditu Munduko Poesia Kaierak bildumako zenbaki berri batean. 

Munduko Poesia Kaierak Susa argitaletxearen bildumak atzerriko idazleen obrak gurera ekartzen jarraitzen du, zorionez. Udazken honetan, May Ayim aleman poetaren (zinez interesgarria hori ere) eta, Harkaitz Canoren aukeraketa eta itzulpena tarteko, Raymond Carver estatubatuar idazlearen (1938-1988) antologiak argitaratu dituzte.

Carver ipuingile ospetsu eta poeta zirraragarriaren aleek egunerokotasun ilun izugarria aurkezten dute lehen kolpean. Alkohola, familia gatazkak, ohikeria unagarria eta gogaikeria ageri dira nonahi, baina, tarteka-marteka, zoriona esaten diogun horren, bizitzarekiko nolabaiteko gogogabetasun baten, printza liluragarriak argitzen dira han-hor-hemen; txera samurrak, errealitate itogarri eta lehorrari oldartuta.

Canorekin hitz egin dugu, Carverren poesiaz ari garenean zertaz ari garen hobeto jakiteko.

Raymond Carver desordenatu, edale eta gaixoa deskribatzen zuen Raymond Carver Bilboko errebaletara heltzen zure ipuineko narratzaileak, eta, Carverren ipuinetan bezala, egunerokotasuna, familia liskarrak eta heriotza ziren zure kontakizun horren osagai nagusiak. Haren poesia azaltzeko ere balio dute elementu horiek?

Neurri batean bakarrik. Azken finean, Carverrek ez zuen alkohol tantarik probatu ere egin bere bizitzako azken hamar urteetan eta bolada horixe izan zuen sortzaileena. Bost urteko epean, berrehun bat poema idatzi zituen, bere bizitza osoko produkzioaren ia erdia.

Berrirakurri dudanean, une baikorrak ehizatzeko bere gaitasunak liluratu nau gehien, kontenplaziorako zuen joera burutsuak eta (auto)ironia leun, sotil eta dotore horrek.

Tonu ezkor, ilun eta artegatsu horretan, baina, itxaropenerako edo nolabaiteko asetasun baterako tarteak ere badaude. Nola orekatzen ditu bi mutur horiek Carverrek?

Carver saltzeko orduan, “errealismo zikina” etiketaren barruan sartu zuten. Gaur egun, ordea, erabat zaharkituta geratu da etiketa hori, errealismo guztia delako nolabait zikina, nik uste… Bestela ez litzateke errealismoa izango!

Zurruta eta aldiri amerikarretako alderik laiotzena erakusten duten poemak azpimarratzen dira gehien, baina suburbioetako argi-itzal horien artean bizitzak bere bidea egiten du eta ez da eguzki izpirik falta. Naturarekin duen harremana, horren lekuko: txoriei beha aurkitzen duen ezusteko zorion apala, adibidez, oso ongi islatzen du. Edo arrantzaren poza, etengabe dago bere poematan ura: lakuak, errekak, itsasoa… Ur-jauziraino joan eta bere burua garbitu edo erredimitzea bilatuko balu bezala.

Nagikeriaren gorazarrea agertzen da Carverren zenbait poematan. Aitzitik, testuak oso landuta daude, erabat kimatuta, naturaltasun hori lortzeko. Nola lortzen du Carverrek hizkera sintetiko, zehatz eta lehor hori?

Oscar Wildek zioen bezala, “natural agertzea da pose guztien artean zailena” eta horixe gertatzen zaio Carverri: naturala dela,baina horra iristeko depurazio lan handia egiten zuela, deskarte asko, lore-jokoak ezabatu, dena hezurretan utzi... Bere poesiak gutxi eskatzen du, baina asko ematen dizu trukean.

Bestalde, bere sekretua ezagutzen dituen gauzei buruz aritzea da. Poemak oso autobiografikoak dira, bere eguneroko bizitza, arrantza, ehiza, bikote sestrak eta familia harremanak, bidaietan hartutako apunteak, maitasun aitortza samurrak egiten ditu eta maitaleak euren izenez aipatzen…

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri