Alex Gurrutxaga: "Xabier Lete da aberriaren kantari nagusia"
- DataAbenduak 4
- Gaia Musika, Literatura
Hamar urte dira Xabier Lete poeta eta kantaria zendu zela. Pertsonaia gisa duen itzal handiaz haraindi, artistaren obraz gehiago jakin nahi izan dugu.
Abenduaren 4an, ostiralarekin, hamar urte bete dira Xabier Lete poeta eta kantaria (Oiartzun, 1944 - Donostia, 2010) zendu zela. Itzal handiko kulturgilea izan zen Lete, zalantzarik gabe, eta euskal herri kulturaren osagai eztabaidaezinak dira Euskalerri nerea, Izarren hautsa, Nafarroa, arragoa eta Xalbadorren heriotzean, ale batzuk aipatzearren.
Memoria kolektiboan iltzatutako mugarri eztabaidaezin horiez haraindi, baina, ekarpen jori eta poliedrikoa egin zuen, idatziz eta kantuz, sortzaile gipuzkoarrak, eta Alex Gurrutxaga (Zarautz, 1988) Euskal Literaturako doktore eta Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria liburuaren (Alberdania, 2020) egilearekin hitz egin dugu, aberriari, gai sozialei, existentzialismoari, itxaropenari, ezintasunari, duintasunari eta heriotzari kantatu zion “poeta kantariaz” gehiago jakiteko.
Hamar urte dira Xabier Lete zendu zela. Pertsonaia ospetsua izanagatik, oro har bere obrak mereziko lukeen itzala baduela uste duzu? Nola definituko zenuke bere ekarria?
Nire inpresioa da Letek jendartean itzal handia duela, eta gero eta handiagoa, gainera. Nik uste gero eta kontzienteago garela bere ekarpenaz. Beste kontu bat da akademian eta ikerketaren eremuan nola gauden; labur esanda, berandu xamar ibili garela iruditzen zait: beharbada, kaleko jendea lehenago enteratu da Leteren balioaz, akademia baino. Baina hori ere ari da aldatzen, eta ikerketaren esparrua ere ari da osatzen.
Zein disko eta/edo liburutatik hasi beharko luke, zure ustez, oraindik Xabier Leteren obran sakondu ez duen norbaitek?
Galdera horrek gabezia bat azaleratzen du, ezer baino lehen. Letek disko eta liburu mordoxka bat eman zuen argitara, baina, musika lortzea erraza izan badaiteke ere, liburuetako gehienak ezin dira gaur egun eskuratu. Gabezia nabarmena da. Kultur transmisioa bermatu nahi badugu, gure poeten eta abeslarien obrek eskura egon behar dute, eta edizio txukunetan. Urgentzia daukagu alor horretan Leterekin eta beste hainbat egilerekin.
Leteren kasura etorrita, bere kantagintzara gerturatzeko, lehen diskoa aipatuko nuke, Xabier Lete izen soila zeramana. Han daude, dagoeneko, Lete ikono erraldoi bihurtu zuten piezak: Ni naiz, Nafarroa, arragoa, Alzateko Jaun, Sehaska kanta, etab. Ia disko osoa da antologikoa.


