Duela 500 urteko maitasun poema baten zirriborroa aurkitu dute
- DataAbenduak 3
- Gaia Literatura
Euskara arkaikoan idatzita dago, eta Oñatin aurkitu dute, Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean. 1508 eta 1521 artean idatzia izan zela uste dute adituek.
«Ene laztan gozo ederra...» hala hasten da Azkoitiko (Gipuzkoa) XVI. mende hasierako notario protokolo batean aurkitu duten euskarazko testua. Rosa Aierbe doktoreak aurkitu zuen, hain zuzen ere, Oñatiko artxibategian, ikerketa bat egiten ari zela, eta baita artxibategiko arduradunei jakinarazi ere.
Miguel Ibañez de Insausti eskribauaren protokolo batean aurkitu zituen hitzok Aierbek; zehazki, 1503 eta 1522 bitarteko notario eskrituretan, eta uste da testuaren egilea Insaustiren eskribautegian lan egin ahal izan zuen eskribauetako bat izan daitekeela. Idazketa datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu askoren presentzia ikusita, 1508 eta 1521 artean idatzi zela ondorioztatu dute ikerlariek, behin-behinean.


