Kai Nakai-k bere lehen diskoa aurkeztu du, "Baimenik gabe"
- DataAzaroak 24
- Gaia Musika
Iratxe Aguilerak Durangoko Azokan II. Sormen beka irabazi zuen iaz eta grabaketa lanak amaituta bere lehen diskoa aurkeztu du, ‘Baimenik gabe’. Apurtzailea da: euskaraz egiten du reaggetona eta bere letrek genero rolak haustea dute xede. Ahalduntzea bilatzen du.
Iratxe Aguilerak bere proiektua Durangoko II. Sormen Bekara aurkeztu zuen iaz eta irabazi egin zuen. Reaggeton-a egiten du, euskaraz. Emakumea da, gaztea, tradizioz gizonezkoena den musika generoan. Letren bidez genero rolen apurketa bilatzen du, ahalduntzea bilatzen du, askatasuna aldarrikatzen du, mota guztietako harremanak bizitzeko eskubidea.
Itxialdiaren lehen egun haietan aurkeztu zuen gasteiztarrak argitaratu zuen lehen singlea, ‘Kolpe’; orain, grabaketa eta ekoizpen lanak amaituta, astelehen honetan Bilbon aurkeztu du diskoa: ‘Baimenik gabe’. Izenburuak dituen asmoak iradokitzen ditu. Euskaraz reggaetoia bezalako erritmo «berritzaileak» proposatzen ditu eta bertan «Kai Nakai ezagutzera ematen da bat baino gehiago identifikatuta sentituko den esperientzia bat eskainiz: genero-rolei aurre egitea, ahalduntzea, mota guztietako harremanak bizitzea, baita handinahia izatea eta arrakasta lortzea ere», adierazi dute aurkezpen ekitaldian.
Disko honen bidez, gasteiztarrak genero musikal hau euskaraz egitea defendatzen du, «gazteei gustatzen zaiela eta Euskal Herrian hutsune bat» dagoela erakutsi nahi du. «Bestalde, genero honek berarekin dakartzan estereotipo guztiei aurre egin nahi die, kolektibo bakar bat ere baztertzen ez duten letrak eginez eta matxista ez den reggaetoia egin daitekeela erakutsiz». Bilbon musikariak berak aldarrikatu duenez, emakumeek ere reggaeton-a egin dezakete betidanik gizonek osatutako generoa izan baita. Aguilerak «askatasunez eta taburik gabe» adierazten du.


