Aitziber Etxeberriak 'Olivetti' eleberria ondu du
- DataAzaroak 19
- Gaia Literatura
Amak lana edo lanak ama, nork irentsi zuen nor, nork eraman zuen nor aurretik. Eta nola pentsatu hori orain, ama aspaldi joan zenean. Puntu horretara helduko da Ingrid protagonista Aitziber Etxeberria Garroren lan berrian, Olivetti-n: konturatzera ezagutu uste zuen amaren bizitza ez zela izan pentsatu bezalakoa. Bera munduratzeak jardun profesionala nola oztopatu zion bere amari, Elisari, eta, era berean, hark ikertzen segitzeko zuen gogoak nola urrundu ahal izan zuen ama gisa ustez zegokion lekutik. Horrek azal ditzake, hain justu, bere zauriak, bai eta oro har erakutsiko duen jarrera ozpina ere. Etxeberria: «Gizarte are patriarkalago batean, emakume askori gertatu zitzaien ama izatean bere lana utzi beharra. Elisa ez zen horretatik salbatu, eta bere gizonarekin ere ez zuen konponbiderik aurkitu».
Izenburuak eta azalean bertan ageri den idazmakinak eramango du irakurlea nobelaren «bihotzera», Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko kideak aurreratu duenez. Hura izango da Ingridek tira egiteko jasoko duen lehen haria. Zehatzago, notarioak emango dion idazmakina baten argazki bat izango da hori, non ulergaitz egiten zaion aipamen bat irakurri ahal izango duen. Aita hil berritan hasiko da notarioarenganako joan-etorrian. Tramite huts izan behar zuena, baina, bizitza aldrebestuko dion bisita bihurtuko da. Testamentuak aitaren azken borondatea ez ezik amarena ere ekarriko baitu, bera ume zela hil zen amarena. Eta paperen artean hor, idazmakinaren argazki horitua.
Urak kanalizatzen lan egiten duen andre bat da Ingrid, 45 urte bueltakoa. Aita hil berri zaio, ama lehenago, eta hamar urte dira ahizpa ikusten ez duela. «Oso bakarrik» eta orain «munduarekin haserre» sentitzen da, egilearen hitzetan. «Oso bizitza tristea» daramana, Aldekoaren esanetan. Bilaketak, baina, mugimenduan jarriko du, eta ekintza eta elkarrizketa ugariren bidez agertu du hori idazleak.


