Jabier Muguruzak eta Iñaki Irazuk "Oker (txakurra da)" diskoa ondu dute
- DataAzaroak 17
- Gaia Musika
Muguruzak Irazuren hamar poema musikatu ditu, eta adierazi dute «alaitasun bare bat» transmititu nahi duen lan bat dela, ume direnei eta helduengan bizi diren umeei zuzendua.
«Beti izan dut interes bat izan nintzen umearekiko, haurtzaroarekiko. Esaten da haurtzaroa besterik ez garela. Eta nik hainbeste ez nuke esango, baina marka batzuk uzten dituela bai, dudarik gabe, gure existentzia baldintzatzen dutenak». Horregatik jarraitzen du Jabier Muguruzak bizitzaren ustezko lehen eremu horretan aztarrika. Oraingoan, Iñaki Irazurekin: Oker (txakurra da) diskoa ondu dute elkarrekin, Irazuren hamar poema dakartzana, Muguruzak kantu bihurtuak. Mara-Mara zigilupean plazaratu dute, Muguruzak haurrei zuzendutako proiektuak emateko abiarazi zuen diskoetxearekin.
Pandemia hastearekin batera heldu zioten lanari idazle eta musikariak. «Erdi brometan hasi ginen, onomatopeiaren balioaz hizketan, haur literaturaz. Eta handik gutxira Iñakik bidali zidan Karranka eta intziri poema». Orain diskoa zabaltzen duena, hain justu. Etxe bateko bi ateri buruz ari da, karran-karran egiten duen ate zaharraz eta iii…iii egiten duen ate berriaz. Hitzak jaso zituenean «sorginduta bezala» gelditu zela oroitu du Muguruzak, eta Irazuri eskatu ziola bide horretatik segitzeko, gisa horretako letrak bidaltzen. Esan eta egin, Irazuk hitzak bidali eta Muguruza doinuak konposatu, hala ondu dute diskoa.
Pandemiaren itzalak ere izan du pisurik proiektuan. Muguruzak aitortu du bolada ilun baten ondotik helduleku moduko bat izan dela harentzat: «Ni oso egoera gogorretik nentorren: anaia hil, larri gaixotu, eta tratamendua bukatzera nindoala, pun, pandemia etorri zen. Niretzat oso lagungarria izan zen erdi txiripaz nola hasi zen prozesua Iñaki Irazurekin».


