Koldo Almandoz: "Genero beltzak derrapatzeko aukera handiagoa ematen du"
- DataAzaroak 10
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Arrakastaz estreinatu ondoren, “Hondar ahoak” thrillerraren 2. atala ikusgai egongo da asteazkenean ETB1en eta aurrerantzean EiTB Nahieran. Koldo Almandoz telesailaren zuzendariarekin hitz egin dugu.
Misterioa, iluntasuna, mesfidantza, hasiera harrigarria, akzioa, ikerketa, polizia bikote bat, hari mutur solteak, ustekabean askatzen diren lokarriak, beste herri batetik auzia izan den tokira iritsitako ikertzailea, atalen amaieretako jakin-mina… Genero beltzeko telesailen zaleek bilatzen duten oro du “Hondar ahoak” ETB1ek joan den asteazkenean estreinatutako telesailak.
Baina horrelako produktu batean ziurtzat jotzen den hori guztia ez ezik, askoz gehiago ere badu Txintxua ekoiztetxeak ETBrentzat egindako lanak, eta horrek bihurtu du, askok esan dutenez, telebistarako orain arte inoiz gurean egindako fikzioko sormen lanik onena.
Koldo Almandoz zuzendariak (Donostia, 1973) bere zineman (Belarra, 2002; Sipo phantasma, 2016; Plágan, 2017; Oreina, 2018) ohikoak diren elementuz blaitu eta aberastu du besteak beste Nagore Aranburuk, Eneko Sagardoyk, Joxean Bengoetxeak eta Iraia Eliasek bikain interpretatutako lana, “Hondar ahoak” beste maila batera eramateko: ironia (“gorrotu ditut off ahots batekin hasten diren istorioak”, esaten du offeko ahots batek lehen kapitulua hasteko; eta “telesailetan bakarrik egiten diren gauzak egitea” leporatzen dio telesaileko ertzainak telesaileko ikertzaileari), autoerreferentziak (bere burua erakusten du zuzendariak, telesailaren lehen-lehen planoan), ahalegin estetiko eta bikaintasun teknikoa (uraren irudikapen preziosistak, Oreina-n eta Plágan-en bezala), baita animalia disekatuak ere…


