Bilboko Arte Ederren Museoak hartu du Ameztoi, Zumeta eta Zabalaren 'Lemoiz gelditu'
- DataAzaroak 10
- Gaia Ikusizko arteak
1980ko Herrikoi Topaketa antinuklearretan jende aurrean sortu zuten zuzenean hiru sortzaileek mural erraldoia, eta areto bat eskaini dio orain museoak. Artelanarekin batera sasoiko afixa, argitalpen eta pegatinak ere jarri dituzte ikusgai
«Historia luze eta tragikoa». «Gertakari aztoragarriak». «Gure historiari eragin dioten kontraesan eta gatazkak». Uranioarekin erabiliko luketen arreta beraz aukeratu dituzte Bilboko Arte Ederren Museoan Lemoiz gelditu murala aurkezteko hitz zehatzak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Miguel Zugaza museoko zuzendariak eta Iskandar Rementeria arte ikertzaileak; memoriaren kristal apurtuen gainean zebiltzan jakitun. ETAri aipamen zuzenik egin gabe. Iberduero enpresa izendatu gabe. Proiektua babestu zutenen izenik oroitu gabe. Eta, halere, haiei guztiei buruz. Mugimendu antinuklearrak 1980ko azaroaren 8rako eta 9rako Bilbon antolatutako Herrikoi Topaketak izeneko bi eguneko jardunaldietan margotu zuten lana Vicente Ameztoik, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala Arrastalu-k, justu duela 40 urte. Jardunaldiek iraun bitartean, jende aurrean margotu zuten hiru sortzaileek ia bost metro altu eta zazpi metro zabal den murala, eta tituluak iradoki bezain argia da irudiaren mezua ere. Salaketa zuzena zen ordurako Lemoizen eraikitzen hasiak ziren eta gizartearen erantzun zabala piztu zuen zentral nuklearraren aurka, eta horregatik ageri dira irudian sasoiko politikari, militar eta enpresarien karikaturak. Hainbat hamarkadaz batetik bestera ibili ostean, udan jaso zuen dohaintzan museoak, mugimendu antinuklearreko kideen eskutik, eta hiru artisten edo haien ondorengoen onarpenarekin, gaur aurkeztu dute hedabideen aurrean. Areto oso bat eskaini diote piezari, 32.a, eta garaiko kartel, pegatina eta egunkariekin lagunduta erakutsiko dute.
Murala lehenago erakusteko asmoa zuen museoak, Zugazak onartu duenez, baina espero baino denbora gehiago hartu behar izan dute, azkenean. Pieza zaharberritu behar izan dute, batetik, dohaintza behar bezala egiteko tramiteak ere luzatu egin zaizkie, eta, horrez gainera, asmatu egin nahi zuten murala aurkezteko moduarekin ere. «Ulertu nahi genuen murala museora ekartzeak zeukan esanahia. Ez baita margolan bat gehiago».


