Iņigo Muguruzaren erdigunera

  • Iņigo Muguruzaren erdigunera
berria.eus

  • DataAzaroak 7
  • Gaia Musika

Irungo Udalak lehenengoz abiarazi du Iñigo Muguruza beka, eta Asier Suberbiolak eskuratu du. Horri esker, Muguruzaren musikan eta izatean sakonduko du, material pedagogikoa sortzeko.

Iñigo Muguruza I. beka irabazi du Asier Suberbiola Unanue musikariak (Lasarte-Oria, 1978). Aurkeztutako egitasmoaren arabera, Irungo musikariaren ibilbidearen ikerketa egin, eta material didaktikoa sortuko du, musika eskoletan nahiz beste moduren batean erabili ahal izateko. Zortzi hilabeteko epea dauka lana egiteko, bekaren oinarrietan azaltzen denez.

Lanaren lehen zatian, Muguruza zena parte izan zen musika taldeen abestien aukeraketa bat egingo du. Egitura eta harmonia aldetik adierazgarrienak iruditzen zaizkionak hartuko ditu. Badu lana. Izan ere, Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi, Lurra eta Hiru Leike taldeetako kide izan zen. Bigarren fasean, abestiak zatikatu eta ulertzen saiatuko da, zer egitura duten zehaztuz —harmoniak, akordeak, graduak...—, Muguruzaren lan musikalean mikroskopioa jarriz.

Horretatik, material erabilgarria sortzea du helburu Suberbiolak. «Ez dut partitura soilak izatea nahi, musikariak begi aurrean jarri eta joko dituenak. Ez. Formatu berri bat sortzen ari naiz. Partiturek deskribatzeko duten boterea eta interpretatzeko marjina konbinatzen saiatuko naiz, sormena askoz gehiago lantzeko helburuarekin. Sortuko dudana malgua izatea nahi dut».

Baina, harmoniak eta notak gorabehera, Suberbiola jakitun da Euskal Herriko herri musika modernoaren erradiografia bat egingo duela, Iñigo Muguruza (Irun, 1964-2019) artistaren lana aztertuz. Are gehiago, garai, aro baten muinera joango da; zehazki, Irunen, Moskun, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan bizi izan zena aztertuko du lanean. Garai haietatik euskal musikak izandako eraginen hedapena nolakoa izan den ikertuko du. Izan ere, Iñigo Muguruzaren musika sorkuntzak asko edan zuen garaian garaiko borroka, desio, frustrazio eta doinuetatik.

Suberbiola ez da arrotz sentituko ikerketa lan horretan. 32 urte dituen arren, zuzenean eta zeharka etxean ezagutu du Muguruzak zer egin zuen, etxean entzuten zituen Kortaturen diskoetatik hasita, Negu Gorriak lagunekin entzun eta ikusteraino. Joxe Ripiau Positive bomb da harentzat. «Ilusio handiz aurkeztu nuen bekarako proiektua. Koherentzia prozesu bat zen niretzat. Iñigo Muguruzaren figura nire bizitzan oso indartsua izan da. Beraz, oso pozik nago beka lortu dudalako».

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri