Rocio Araya: "Aukerak gora doaz ilustrazioaren munduan"

  • Rocio Araya:

  • DataUrriak 29
  • Gaia Ikusizko arteak

Go Gasteiz Kulturak eginiko elkarrizketa:

Rocio Araya ezagutu dugu, Frantzian bizi den euskal ilustratzailea, Irudikaren laugarren edizioan parte hartuko duena, Gasteizen hasi eta gero sarean zabalduko dena.

Irudika Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionalak laugarren edizioa ospatuko du urriaren 29tik 31ra. Aurten, pandemia dela eta, ekitaldia modu birtualean egingo da, eta egoera horrek aurreko edizioetan baino sare profesional handiagoa sortzeko aukera emango die ilustratzaileei, eragileei, liburu-dendei eta argitaletxeei.

Jardunaldiek prestakuntza, hitzaldi eta hitzordu profesionalekin jarraituko dute, beste urte batzuetan bezala, baina oraingoan plataforma digital baten bitartez. Bertan, parte-hartzaileen arteko zuzeneko mezularitza-zerbitzua, bilera-gelak eta galeria pertsonal bat egongo dira, eta parte-hartzaile bakoitzak bere proiektuei eta bere lanen, katalogoen edo lan-espazioen irudiei buruzko informazioa igo ahal izango du.

Ekitaldiari Gasteizen emango zaio hasiera, Artiumen hain zuzen ere, urriaren 29tik 31ra, eta azaroaren 30era arte iraungo du, plataforma birtualaren bidez. Uruguaiko, Frantziako eta Quebeceko gonbidatuek eta Euskadin bizi diren profesionalek sortutako edukiaz gozatu ahal izango da hilabete osoan zehar.

Go Gasteiz Kulturak Irudikaren hurrengo edizioan parte hartuko duen ilustratzaileetako bat ezagutu nahi izan du. Rocío Araya, Frantzian bizi den bizkaitarra, bere ibilbide profesionalaz arituko da eta bere lan batzuk aurkeztuko ditu jardunaldietan.

Rociok ilustrazioaren mundua deskubritu zuen txikitan. “Gogoan dut ipuin-liburu handi bat nuela ilustrazioekin, eta orduak ematen nituen haiei begira”, dio. Helduaroan ere, grina horrekin topo egin zuen berriro liburu-dendetan, eta “liluratu ninduten liburu formatuko benetako artelanekin” topo egin zuela dio.

Grina honek Arte Ederrak ikastera eraman zuen. “Karreran zehar ohartu nintzen arteari ekingo niola. Oso zoriontsu egiten ninduen“, esan du. Hasieran pinturaren alde egin zuen, baina pixkanaka ilustrazioaren mundura hurbildu zen. “Istorioak kontatzeko eta nire burua adierazteko erosoagoa egiten zitzaidan”, dio.

Roger Olmos, Rotraut Susanne Berner, Violeta Lópiz edo Javier Zabala bezalako artistek ateak ireki zizkioten eta bere estiloari eusten lagundu zioten. “Zure estiloa aurkitzea ezinbestekoa da. Lanean, asko marrazten eta zure burua onartzen lortzen da. Beste pertsona bat ere imitatu dezakezu, baina orduan beste gauza bat da, jada ez zara zu “, azaldu du.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri