BIME Pro: musika industriaren kongresu garrantzitsuaren azken jardunaldia hasi da
- DataUrriak 29
- Gaia Musika
Hasi da mundu osoko musikaren industriako profesionalak biltzen dituen BIME PROren lau jardunaldietako hirugarrena.
Bilbok musikaren sektoreko profesionalak hartuko ditu gaur, asteazkenarekin, Euskalduna Jauregian egingo den biltzarreko lehen jardunaldi presentzialean.
Zoritxarrak on egiten dio BIME PRO biltzarrari. Biltzarrak, sektoreko profesionalen agendetan ezinbestekoa den urteko ekitaldietako bat izaki, aurtengo 8. edizio honetan orain arteko deialdirik zailenetako bati egin beharko dio aurre; zailenetako bat baina, aldi berean, emankorrenetako bat ere bada. 2020ko edizioa aurkezteko erabili den #inoizbainogertuago leloa adierazpide ezin hobea izan da ekitaldia jasotzen ari den babesa definitzeko, bai online programa mundu osotik jarraitzen ari diren milaka profesionalengandik, bai gaurtik (asteazkena) Euskalduna Jauregian bilduko diren ehunka profesionalengandik, betiere egun hauetan puri-purian dagoen beste lelo bat erakusteko: #kulturasegurua. Une zail honetan, BIME PRO topaketa musikaren sektorerako ez ezik, gure herrialdeko kultura- eta sormen-industrien ekosistema osorako ere garrantzitsua dela adierazi nahi du.
Atzo, asteartea, bi areto egon ziren aktibo: PRO eta CAMPUS. Gaur hirugarren bat gehituko zaie: TECH aretoa. Bertan, hitzaldiez gain, erakusketak egiteko gune bat ere badago, eta musika-ekitaldiak egunetik egunera ikusgarriagoak ez ezik, jasangarriagoak, eraginkorragoak, errentagarriagoak eta seguruagoak ere izatea ahalbidetzen duten tresna berritzaileak egongo dira ikusgai.
Gaurko egunari –asteazkena– dagokionez, BIME PROn parte hartuko duten izenen artean hiru artista handien izenak nabarmentzen dira. Nacho Vegasek bere ibilbidearen azken hamarkada biltzen duen albuma argitaratu berri du, eta Pilar González Ruiz kazetariarekin hitz egingo du abestiak egiteko lanbideari buruz: Estatuan eta Latinoamerikaren zati handi batean gehien errespetatzen duten egileetako batekin aurrez aurreko topaketa izango da. Loquillok uztailaren 3an Madrilgo Wizink Centerren eskaini zuen kontzertuaren esperientzia partekatuko du; izan ere, martxoan pandemiak eragin zuen etenaldi orokorraren ostean, kontzertu horrekin ireki baitzituen ateak gune horrek. Nola sortu zen ideia? Nortzuk parte hartu zuten proiektuan? Zer behar izan zen martxan jartzeko? Zer nolako oihartzuna izan zuen? Artistak galdera horiei guztiei erantzungo die ekimenaren arduradunekin batera. Gero, arratsaldean, Antón Álvarezek –alegia, C.Tangana artistak–, bere sormen-talde osoarekin batera, euren proiektuaren gakoak aztertzeko ibilbide bat proposatuko digu, betiere sormenaren, antolaketaren eta enpresaren ikuspegitik begiratuta.
Saio oso bat eskainiko diogu moda-modako TikTok plataformari. Nola aprobetxatu behar dute artistek plataforma hori? Zein da balio-kaltea eta etekina? Nola kapitalizatzen da obraren erabilera edukiak sortzean? Plataforma berri horrek artistei eta diskoetxeei ekar diezazkiekeen negozio-aukerak eta aukera artistikoak bilatuko ditugu galdera horien erantzunetan. Ezin bestela izan, gaurko egun osoan, sektorea pandemiaren ondorioei nola aurre egiten ari den aztertzen eta hausnartzen jarraituko dugu, eta, gainera, pandemia eragiten ari den kalteak arintzeko irtenbideak bilatzen saiatuko gara. Gaur erakunde publikoen txanda izango da; gure artean izango dira NICDO (Navarra de Infraestructuras de Cultura, Deporte y Ocio), Institut Catalá de Empresas Culturals, Bilboko Udala eta Madrilgo Udala, eta sektorerako zer plan dituzten azalduko dute, araugintzari dagokionez eta sustapeneko eta inbertsio publikoko neurriei dagokienez.
Bukatzeko, gaur hasiko da BIME CITY jaialdia, eta Bilborock aretoan Baobabs Will Destroy Your World eta Juárez arituko dira; Sala BBK aretoan, berriz, Babykatze eta Kings of the Beach. BIME CITY programaren barruan, Pau Donés abeslariari buruzko "Eso que tú me das" dokumentalaren proiekzioa izango da Golem zinemetan, eta Jordi Évole zuzendariak egingo du aurkezpena.
Radio 3 irratiak BIME PRO topaketan gertatzen den guztiaren berri emango du, eta protagonistekin zuzen-zuzenean ere hitz egingo dute, Euskalduna jauregian bertan. Gaur, asteazkena, Leyre Guerrerok eta José Manuel Sebastiánek irratsaio berezia eskainiko dute, 17:00etan, eta bihar, osteguna, goizeko 09:00etan Hoy Empieza Todo irratsaioa Bilbotik egingo du zuzenean Marta Echevarriak.


